Kai Nakai: “Emakumeek reggaetoia egin dezakegu”

Bakarra zen zerbait bilatu nahi zuten. Kai, izen euskalduna, eta Nakai, indonesiar Nakal izenetik datorrena, ‘bihurria’ esan nahi duena. Horrela sortu zen Kai Nakai identitatea. Abeslari honen atzean Iratxe Aguilera gasteiztarra dago. Bere YouTube kanalean hasi zen abesten, iaz Durango Azokako beka irabazi eta bere lehen lana Goitibera Aldizkarian aurkeztu du.

Lehenik eta behin, zure lehen diskoa kalera atera berri duzu, ‘Baimenik gabe’ izenarekin. Emakume sortzaileek baimena eskatu behar duzue askotan oraindik?

Agian ez dugu baimenik eskatu behar, baina egiten ditugun gauzak zalantzan jartzen dizkigute askotan. Disko honek nahi duguna egiteko inoren onarpenik behar ez dugula aldarrikatzen du. Beraz, animatzen ditut emakume guztiak beren ametsak jarraitzera eta inor bere bideetan sartzen ez uztera.

Reaggetoia egiten duzu euskaraz. Zailtasun bikoitza: alde batetik, musika genero honen matxismoarekin eta konbentzionalismoarekin apurtzea eta, bestetik, euskaraz ekoiztea.

Disko honen bidez, genero musikal hau euskaraz egitea defendatu nahi dugu, gazteei asko gustatzen zaigulako eta Euskal Herrian hutsune bat dagoelako, beharrezkoa da aire berri bat ekartzea. Bestalde, genero honek berarekin dakartzan estereotipo guztiei aurre egin nahi diegu, kolektibo bakar bat ere baztertzen ez duten letrak eginez eta matxista ez den reggaetoia egin daitekeela erakutsiz. Bestalde, aldarrikatu dugu emakumeek ere reggaetoia egin dezakegula, betidanik gizonek osatutako generoa izan delako, eta askatasunez eta taburik gabe adieraziz. 

Durangoko Azoka abenduan ospatu zen, batez ere, era digital batean. Nola joan dira diskaren aurkezpena eta lehen salmentak?

Egia esan, diskoa ateratzeko gogo handiak nituen. Diskoa atera zen egun berean egin nuen nire lehen kontzertua Durangoko Azokan. Egia esan, aste biziak izan ziren, bai lanekoak, bai prestatzekoak; eta lan hori guztia argitara ateratzeak ume bat izatea bezalakoa izan da. Asko eskertzen dut iaz eman zidaten beka, hari esker disko hau egin ahal izan dudalako, urtean zehar atera diren gauza guztiez gain. Talde indartsu bat sortu dugula uste dut, eta niretzat oso berezia da, txikitatik musika maite dudalako eta disko bat atera ahal izatea ametsa delako niretzat. Aurten ikaskuntza hutsa izan da, eta orain inoiz baino motibazio handiagoa dut musika sortzen jarraitzeko. Momentuz diskoa harrera ona izan du, komentario positiboak, eta batez ere, jendeak gogoak dituela tabernak irekitzeko eta gure musika perreatzeko!

Bederatzi abesti ‘Baimenik gabe’ diskoan, dantzarako zein aldarrikapenerako, baita ukitu intimoagoa dutenak ere. Iratxe Aguilera nola den antzeman dezakegu diskoan?

Iratxe Aguilera oso presente dago disko osoan, adibidez, bere sustraiei egiten zaizkien erreferentzietan: Vitoria-Gasteiz, Arriaga auzoa… Bestalde, abestietan ikusten dugun ahalduntzea benetako ahalduntzea da, eta Iratxe Aguilerak berak izan du aurten ahalduntze prozesu hori, bai genero-rolei aurre eginez, bai bere proiektuaren zuzendaritza hartzean.

Bestalde, diskoko abestien alderik pasionalean ikus dezakegu. Iratxe oso pertsona sentimentala da, eta oso modu bizian bizi du dena.

Partekatu!