2022ko Pinkwashing hilabetea

Euskera >>

Ekainaren 1a heltzearekin batera, mundu osoko enpresa anitzek erabaki dute, hilabeterako, euren logoak aldatu eta ortzadarraren koloreekin janztea. Urteko gainerako hamaika hilabeteetan bazterrean utzitako borroka, oraingoan, ospakizun bihurtzea erabaki dute, ikusgarritasuna ematea LGTBIQ+ kolektiboari, antza. Baina urteko hamabi hilabeteetan egunero-egunero borrokaren lehen ilaran daudenak oraingoan ez dira isilik geratu enpresa handiok hartutako jokabidearekin.

Sare sozialetan duten ahotsa hartu eta orain dela gutxira arte konpainia eta buruzagi horiek izandako jokabide LGTBIfoboak argitara atera dituzte, eta bide batez erakutsi dute hipokresiaren maisuek ez dutela protagonismorik merezi hain gogorra izan den borrokan eta espazioetan.

Jokabide horri aspalditik eman zieten izena aktibistek: pinkwashing. Hitz horren atzean ezkutatzen dira enpresa transnazionalek eta hainbat herrialdek egindako delitu eta krimenak, gay-friendly izaeraren atzean uzten dituztenak. Adibiderik ezagunenetakoa da, esaterako, Israelgo estatuaren posizioa. Hain zuzen ere, estatu juduak Ekialde Hurbileko askatasun lurralde gisa aurkezten du bere burua, palestinarren eskubideak egunero zapaltzen dituela. Bada, gehienok ezagutzen ez duguna da Israelen ezinezkoa dela genero bereko bi pertsona ezkontzea. Aldi berean, Eurovision lehiaketa ezaguna ere erabiltzen dute arestian aipatutako propaganda egiteko.

Pinkwashing praktikak ohikoen izaten dira ekainean, kontuan izanda ekainaren 28an ospatzen dela LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. Ondorioz, Pride Month edo Harrotasunaren Hilabetea publizitate erraza da enpresa askorentzat salmentak hazteko, euren irudia zuritzeko eta, horrela, aurretik izandako politika LGTBIfoboak ezkutatzeko. Aipatzekoa da, adibidez, krema marka ezagun batek debekatu egin zituela bere iragarkietan genero bereko bikoteak, eta orain bere logoa ortzadarren marrazten duela ekainean. Kolektiboak, bere ikurrak helburu komertzialetarako erabiltzen direla ikusita, sareak eta kaleak hartzea erabaki du. Gogorarazten digute hasiera-hasieratik euren borroka egitura heteropatriarkalaren aurkakoa izan dela, eta adibide onenetakoa da Stonewall bera.

Beraz, ekainean logoa aldi baterako aldatzen dituztenei barneko arauak eta jokabideak berrikustea gomendatzen digute, eta horixe izan beharko litzateke guztion lana: hausnartzea, desikastea, mobilizazioetan parte hartzea eta gure inguruak orientazio eta nortasun guztientzako seguru eta askeak izatea, errespetuzkoak eta lasai haztekoak.

Partekatu!