Demokrazia edo faxismoa

Azkenaldian kanpaina politikoen krispazioak dikotomia bat ekarri du berriro gizarte-gatazkaren erdigunera: demokrazia edo faxismoa. Ikuspuntu feministak ere parte (eta alderdi) hartu du eztabaida honetan. Batez ere, dikotomia horretako alderdietako batek gizartean, zaintzan eta kolektibo diskriminatuengan izan dezakeen eragin zeharo negatiboa kontuan izan du mugimenduak. Horregatik, feminismo intersekzionalak dei egin du azken hauteskundeetan faxismoaren martxa geratzeko eta denon eskubideak defendatzeko.

Bere sorreran, demokrazia sistema guztiz sexista eta misogino gisa diseinatu zuten greziarrek. Hala, Atenasko poliseko demokrazian boto eskubidea hiritarrek baino ez zuten, hau da, esklabuak eta atzerritarrak ez ziren gizonek. Mendeek aurrera egin ahala, demokraziaren esanahaia ere demokratizatu egin zen, eta feminismoa izan zen aldaketa horren giltzarri. Azpimarratzekoa da, adibidez, Clara Campoamor abokatu eta diputatuak 1931ko Gorte Konstituziogileetan egindako hitzaldia. Behin eskubide hori, beste askoren moduan, irabazi ostean, faxismoak guztiz birrindu zuen, eta Campoamor, feminista eta errepublikar askoren moduan, erbestean hil zen, demokrazia berriz ikusi gabe.

Azkenaldian faxismoa alternatiba demokratiko moduan aurkeztu da, hauteskundeetako eztabaidetan espazioak eman baitzaizkie. Horrez gain, kontrakoen aurkako mehatxuak eta irainak adierazi ostean, gainerako alderdiek haiekin eztabaidan jarraitu zuten. Faxismoak, politikarien aurkako mehatxuez gain, hainbat kolektibo diskriminaturen aurka jardun du atsedenik gabe, eta ezkutatu gabe, azken asteotan. Hala, haien erasopean egon dira bakarrik etorritako adin txikiko migratzaileak, sindikatuak, feministak, LGTBIQ+ kolektiboa eta abar. Trans Legearen eztabaidan sartu dira, eta emakumeen aurkako indarkeriak behin eta berriz ukatu dituzte. Faxismoa bera mehatxu bihurtu da gizartearen gehiengoarentzat, eta hauteskundeak, eztabaidak eta bizitza publikoa berriz itzuli dira dikotomia horretara. Demokrazia edo faxismoa, ez da beste alternatibarik ikusten inguruan.

Eztabaida honetan, dikotomiatik haratago, feminismoaren lana ez da faxismoari hegoak ematea, haien erasoak jasaten dituzten kolektibo guztiak saretu eta gizarte mugimendua bultzatzea baino. Hauteskundeetatik haratago, gizarte krisi larria eragiten du ideologia honek, eta kolektibo zaurgarrienak jomugan jarri ditu. Feminismoaren bidea oraindik luzea da, kolektiboak saretzea eta ideologia diskriminatzaileei aurre egitea lan zail baina beharrezkoa baita.

Partekatu!