Emakumeak, eskultismoa eta sariak, pandemia garaian
Joan den astean iragarri zen Goitiberan Bilboko Elizbarrutiak Euskalerriko Eskautak Bizkaiko emakume eskaut guztioi aitorpen berezia egingo digutela aurtengo martxoaren 8an. Emakumeak oinarrizko zutabe izan gara eskultismoan eta gure elizbarrutiko aisialdi aukeretan, eta aurten, pandemia aitzakia hartuta, emakume eskautok egin dugun lana aitortu du gure elizbarrutiak. COVID-19 gaixotasunak markatutako M8 honetan, gure heziketa lanak funtsezko izaten jarraitzen du, eta emakumeok gara lan honen sostengu nagusi.
Aurtengoan, martxoaren 8ko aldarrikapenetan eskautok elizan dugun indarra eta eragina azpimarratu nahiko nuke. Askotan, gure taldeotan hitz egin dugu gure izaera kristauari buruz, elizako egituretan dugun parte hartze, edo parte hartze ezari buruz, eta gure gainerako printzipioei buruz. Batzuetan koherentziari buruzko eztabaidak izaten ditugu, ea zergatik jarraitu beharko genukeen oraindik egitura patriarkalak mantentzen dituen instituzio baten barnean. Seguru nago gure mugimenduan jende askok izan duela pentsamendu hau inoiz. Neuk ere hala izan dut.
Dena dela, instituzio horiek ere ematen dizkigute sari hauen moduko aitorpenak. Eta sariok ez dira, berez, garrantzitsuak. Are garrantzitsuagoa da ematen diguten ahotsa. Elizan askotan eskatu izan ditugu espazioak gure ahotsa adierazteko, gure estiloa erakusteko, jasandako kalteak eta sufrimendua azaleratzeko, eta egindako lana aitortzeko. Espazio horiek oso gutxi dira, eta derrigorrezkoa da ahalik eta probetxu gehien ateratzea, gure estilo eta printzipioak adierazteko, eta horien artean, bereziki, feminismoa aldarrikatzeko, berdintasuna eskatzeko gure elizbarrutiko eta elizako estamentu guztietan.
Eskauton oinarrizko jarrera da mundua aurkitu dugun baino hobeto uztea, Jainkoaren Erreinua gure inguruan eraikitzea. Horretarako, garrantzitsua da eskura ditugun espazioak aprobetxatzea, eredu izatea gure taldeetako ume eta gazteentzat, eta gure gizartearentzat. Ez dugu saririk behar, baina behar eta nahi ditugu parte hartzeko espazioak, eliza eta gizartea hobetzen joateko espazioak. Aprobetxa ditzagun, erabil ditzagun eta izan gaitezen gu geu, besteengandik itxaroten dugun hori. Eta garrantzitsuena, jarrai dezagun lanean gure talde eta federazioetan feminismoa sustatzeko eta gainerakoentzat mundu hobea egiten jarraitzeko, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik.