Gorputzak, lurrak eta bideak

Euskera >>

Mendebaldeko jendartean oso ohikoa da betaurreko moreen azpitik gure zuritasuna erakustea. Zuritasun horrek ustezko jakinduria ematen digu, aurrerakuntza ekonomiko eta sozialak emandako ospea erabiltzen dugu gainerako lurraldeetako emakumeei irakatsiak egiteko, egiak erakusteko eta geure buruak zuritzeko, nahikoa zuri ez garela iritzita. Bada, ahizpatasun loturek askotan zuritasuna ezabatzeko nahia eman didate, eta horregatik, isilik entzuteko ohitura hartu dut beste lurraldeetako emakume defendatzaileak aurrean ditudanean. Isilik entzun, apunteak hartu eta euren eredua gure esparru zurietan zabaltzea dagokit orain.

Ikuspuntu feminista izan eta migrazioak ikertzen ditudan heinean, emakume defendatzaileek jasaten duten jazarpena bereziki zait deigarria. Emakumeek euren gorputza, etxea eta familiak jartzen dituzte ondoan, euren eskubideak, lurrak eta baliabideak kontrolik gabe ustiatu nahi dituztenen aurrean. Lehen lerroan daude, adibidez, Kolonbiako Hidroituango megaproiektu hidroelektrikoaren aurkako erresistentzian, eta askotan, eurek dira enpresa transnazionalen eta haien aliatu diren indarren helburu. Eragile horien aurrean euren herrixkak, elkarteak eta jendarteak antolatzen dituzte euren kontsulta eskubideak eskatzeko, ingurumena eta antzinako lurraldeak defendatzeko eta giza eskubideen urraketak salatzeko. Herri eta elkarte barneko loturak indartzen jaioak dira, zaintza familiatik haratago eramanda, eta euren inguruarekin duten harremana errespetatuz.

Hala ere, arraroa egingo zaizue lurrari eta inguruari hain lotuta dauden antolakuntza-moduak munduaren beste aldean entzutea. Nola heldu zaizkigu feminista zurioi ereduok? Bada, hain zuzen ere, antolakuntza feminista eta komunitarioa kriminalizatzeak dituen ondorioengatik. Emakumeek gidatutako ekimen horiek oztopatzeko asmoz, hilketak, desagertzeak, sexu-erasoak eta mehatxuak izugarri hazten dira eta, beraz, emakumeok (eta euren familiek) euren bizia ziurtatzeko, aldi baterako edo behin betirako euren lurraldeak utzi behar izaten dituzte, eta askotan erbestean amaitzen dute. Jasandako eskubide urraketez gain, euren elkarteen lurraldea uzteak eragindako deserrotzeak min handiagoa sortzen die, eta balio are handiagoa ematen dio euren borrokari.

Beraz, geure esperientzia zuriez hitz egin beharrean, askotan entzutea dagokigu, geure espazioak lagatzea eta euren bizitza eta lurraldeak arriskuan jartzeagatik bidea hartu behar izan dutenengandik ikastea, elkarren bizipenetatik hasita denon borrokak indartu baititzakegu.

 

Partekatu!