Body positivity-a benetan al da positiboa?

Azkenaldian, body positivity moda asko zabaldu da sare sozialetan. Gorputz guztiak ederrak direla esaten digute, eta geure buruak maite behar ditugula, hori baita feminismoaren giltzarria. Positibotasun horren atzean, izugarrizko autoestimua duten pertsonak ikusten ditugu, indartsuak, euren gorputzekin erlazio ona duten pertsonak. Horrelakoak ikustean, egia esan, jada baxua zen autoestimua askoz gehiago murriztu zait; izan ere, ez nuen ulertzen zergatik ni ezin nintekeen izan horrelakoa.

Horrez guztiaz gain, nire inguruan gero eta gehiago ikusi ditut gaztelaniaz TCA deritzoten gaixotasunak, hau da, elikadurarekin lotutako nahasmenduak. Are gehiago, neure burua ere ikusi dut batzuetan horrelako jokabideak egiten. Beraz, argi ikus daiteke ez dudala oso erlazio positiboa nire gorputzarekin, eta nire inguruko askok ere  ̶ kasualitatez, edo ez, gehienak emakumeak  ̶ ez dute erlazio positiborik euren gorputzekin. Horren aurrean, body positivity-ak lagundu egin beharko liguke geure buruak maitatzen. Ala ez?

Sare sozialetan irudi faltsua erakusteak, ez dugun autoestimua erakusteak, gure gorputzekin ditugun erlazio gorabeheratsuetan lagundu beharrean, zaildu egiten du benetan hobetzen joatea. Onartu egin behar dugu egun askotan ez ditugula geure gorputzak maitatuko, ispiluan ikusten duguna ez zaigula gustatuko eta gure irudia mila aspektutan aldatu nahiko dugula. Baina horrek ez du esan nahi arrazoi horiengatik gorputz normatiboetan sartzeko ahaleginetan obsesionatu behar garenik. Lehen pausoa geure burua onartzea izango litzateke, eta hortik aurrera, ohitura osasuntsuak hartzea, bai gure gorputzentzat eta gure adimenentzat.

Horregatik, body positivity moda alde batera utzi eta body neutrality kontzeptua gero eta gehiago entzun da sare sozialetan. Nahiz eta ingelesa erabili trend horiek zabaltzeko, neutraltasun horren helburua geure buruak apurka-apurka onartzea da, erlazio gorabeheratsu, gatazkatsu eta guzti. Irudiaren diktaduratik irteteko, noski, sare sozialak ez dira tresnarik onena, baina, askotan, geure moduan euren buruaren aurka borrokan dauden pertsonak ikusi eta haiekin batera era horretako esperientziak bizitzeak sendatzeko bidean lagun diezaguke buru-osasuneko arazoekin bizi garenoi. Positibotasun faltsuaren aurrean, has gaitezen geure gorputzen errealitatea onartzen.

 

Partekatu!