Eskauta eta feminista, biak bat eta banaezin

Nire ingurukoentzat orain normala izan arren, eskaut izatea askok arraro ikusi izan dute hasieran. Atzerriko estereotipoek eta Elizaren inguruan antolatzeak ez dute asko lagundu gure mugimendua feministatzat erakusten, baina gazteek eta begiraleok egiten dugun ahaleginak irudia aldatu dute. Feminista izateak taldeko dinamikak aldatzen ditu, baita hezteko modua eta kaleak hartzeko dugun gogoa ere. Eta eskaut izateak mundua aldatzeko grina ematen digu, trukean ezer jaso gabe gure ingurua aldatzeko boterea. Dinamika biak beharrezkoak dira eskultismoan, Elizan eta gizartean. Azken finean, eskauta eta feminista izatea, biak bat eta banaezin dira.

Hain zuzen ere, nire kasuan feminismoak taldeko dinamikak guztiz aldatu ditu. Begiraleok hazten joan garen heinean eta emakumeok liderrak izaten hasi garenean, bestelako erlazioak bultzatu ditugu gure taldean: zaintza, ulermena eta enpatia. Adarrak, begirale taldeak, kanpamentuak eta irteerak inguru seguruak izan behar dira gazteentzat, baina baita emakumeontzat ere. Azken urteotan ahalegin handia egin dugu hainbat mailatan espazio seguru horiek bultzatzeko eta kasu batzuetan hasi gara emaitzak ikusten.

Dena dela, bide luzea dugu aurretik. Gizarte patriarkalean bizi gara oraindik, eta patriarkatu hori indartsuagoa da inguru zehatz batzuetan. Horregatik, eskaut eta feminista izatea, martxoaren 8az haratago, ekintza etengabe eta iraultzailea izan behar da. Genero, arraza, klase, gaitasun, orientazio eta nortasun berdintasuna aldarrikatzea izan behar da gure eguneroko lana, gure gazteekin, baina, batez ere, parte hartzen dugun erakundeetan. Oraindik ohikoa egiten zaigu erresistentziak aurkitzea espazio batzuetan, eta muga horiek apurtzea da egokitzen zaiguna.

Aurtengoan martxoaren 8an ez dut aitzakia asko aurkitu hari buruz idazteko. Aldarrikatzen jarraitzeko eguna da, gogoratzeko eguna eta gainerako 364 egunetan egin behar dugunaren jarraipen naturala. Askotan etorri zait burura jada borrokatzeaz nekatuta nagoela, baina zapaltzen jarraitzen gaituen sistema horren aurrean, eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu. Eta eskultismoa sare indartsua da lan horretarako, zeharo beharrezkoa eta, garai honetan, eskauta eta feminista izatea ezinbestekoa eta banaezina da bizirauteko.

 

Partekatu!