Genero indarkeria(k), emakumeen aurkako indarkeria(k)
Urtero, azaroaren 25a heltzen denean, Berdintasun Ministerioa, Emakunde eta Administrazio Publikoetako gainerako instituzioak azkar ibiltzen dira kanpainak ateratzen jendartea genero indarkeriaren, edo emakumeen aurkako indarkeriaren zabalkundeari buruz kontzientziatzeko. Aurten, adibidez, Emakundek fokua jarri du adineko emakumeek jasaten duten indarkerian. Nahiz eta gaurkoan instituzio hauei kritikatu nahi, ezkutuko indarkeria honetan fokua behingoz jartzea ere eskertzen dut, askotan ez baitugu ikusten Ana Orantesen moduko emakumeek urteetan jasandako indarkeria. Beraz, zorionak arlo horretan.
Dena dela, aurtengoan nire kritika genero indarkeriaren ikuspegi erredukzionista horretan jarri nahiko nuke. 2014an Europako Kontseiluak (eta beraz, Espainiar Estatuak) Istanbulgo Hitzarmena sinatu zuen. Horren arabera, “genero indarkeria” kontzeptua guztiz gaindituta dago, eta emakumeon aurkako indarkeriari buruz hitz egin beharko genuke. Haren arabera, “emakumearen aurkako indarkeriatzat joko da giza eskubideen urraketa eta emakumeen aurkako edozein bereizkeria mota, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko dira, baldin eta emakumeei kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak eragiten badizkiete edo ekar badiezazkieke, ekintza horiek egiteko mehatxuak, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea barne, bizitza publikoan edo pribatuan” (3.a artikulua).
Dena dela, Estatuko legeak oraindik ez du jasotzen emakume askok jasaten duten indarkeria “genero indarkeriatzat”. Genero Indarkeriaren Aurkako Gobernu Delegazioaren arabera, 2020ko azaroaren 13ra arte 41 emakume hil dituzte euren senar, senar ohi edo bikotekideek. Dena dela, feminicidio.net webgune arabera 79 feminizidio egon dira gaur arte Espainiar Estatuan. Nahiz eta Istanbulgo Hitzarmena duela 6 urte baino gehiago sinatu, oraindik Estatua ez da gai izan legeak erreformatu eta emakumeen aurkako indarkeria guztia jasotzeko.
Azaroaren 25 bakoitzean emakumeon aurkako indarkeria dugu gogoan. Indarkeria fisiko, psikologiko, sexual eta ekonomikoa izan behar dugu presente, baina baita jendarte eta sistema legal patriarkalak eragiten duen diskriminazioa ere. Erabil dezagun egun hau emakumeok jasaten dugun indarkeria guztia aitortzeko, eta merezi duen aitortza eta ikusgaitasuna emateko. Behin hori eginda, has gaitezen lanean indarkeria horiek guztiak, banan-banan gainditzen joateko eta benetako jendarte feminista, berdintasunaren aldekoa eta demokratikoa lortzeko. Berandu gabiltza, baina inoiz ez da beranduegi.