Gorrotoa erauzi arte

Euskera >>

Uda osoan albiste izan da LGTBIQ+ pertsonek jasan dugun gorrotoa Estatu espainiarrean eta baita gure artean ere. Erasoak izan dira Gasteizen, Basaurin eta ez da hainbeste denbora igaro Samuel hil zutenetik. Asteburu honetan bertan ikaraz beterik ikusi ditugu “fuera marikas de nuestros barrios” oihuka ari ziren naziak. “Nuestros barrios” zioten Chueca auzoan, hain zuzen ere, 1980ko hamarkadatik eta baita orain ere, gay, lesbiana eta transak babestu eta haien askatasuna aldarrikatu duen auzoan. Orain dela gutxi argitaratutako inkesta batek adierazten zuen Espainiar gizartea zela Europan LGTBIQ+ pertsonak gehien onartzen zituena, (%91 lesbiana, gay eta bisexualen kasuan; %87 pertsona trans eta ez-binarioen kasuan). Nola da posible gizartean hainbeste onartzen bagaituzte erasoak jasaten jarraitzea?

Galdera honen aurrean erantzun egokia aurkitzea zaila dela deritzot. Hainbat faktorek eragin dezakete ultraeskuin lgtbfoboa (eta matxista, misogino eta arrazista) kalera ateratzea eta euren antzekoa ez den edonor jipoitzeko eskubidea dutela pentsatzea. Baina arrazoi nagusiena da haien antzekoak direnak instituzioetan, komunikabideetan eta sare sozialetan presente ikustea. Hala, ultraeskuina parlamentuetan eta autonomia erkidego batzuetako gobernuetan sartu denetik, gorrotozko jokabide (eta delitu) hauek bereziki hazi dira. 2021eko lehen seihilekoan, %9,3 hazi dira 2019ko epe berarekin konparatuz. Gorrotozko delituen artean hiru dira arrazoi nagusiak: arrazismoa, ideologia eta sexu-orientazioa eta genero-identitatea.

Beraz, ikus daiteke jarrera lgtbfobo, arrazista eta misoginoak komunikabide eta erakundeetan ikusteak guztiz atzera bota dezakeela gizartearen gehiengo handiak lortutako adostasuna eta errespetua. Beraz, derrigorrezkoa da gorroto horri indartsu eta dudarik gabe erantzutea. Mugimendu feministan aspalditik diogu “erasorik ez erantzunik gabe” eta kasu honetan ere hala egitea dagokigu. Harrotasun hori ekainaren 28tik egunerokora zabaldu behar dugu, eta harro egon eta ospatzeaz gain, harro borrokatu behar dugu denok eskubideak erauzi nahi dizkigutenen aurrean. Borroka sareetan egiten da, kuadrilletan, hezkuntzan edota lanean, gure esku baitago, zati baten behintzat, gune seguru eta errespetuzkoak eratzea. Horregatik da hain beharrezkoa, honelako erasoen aurrean, atzera pauso bat bera ere ez egitea.

Partekatu!