Sare sozialetan bizirautea

Harritu egingo zaituzte azaroaren 25eko astean, emakumeok hainbeste indarkeria mota pairatzen ditugula gogorarazten dugunean, sare sozialak ateratzea eztabaidara. Askotan hitz egin dugu (eta dut) emakumeok hainbat dimentsiotan jasaten dugula indarkeria eta azaroaren 25a, gainerako egunak legez, indarkeria horiek azaleratzeko eta salatzeko eguna dela. Gaurkoan ordea, emakumeok sare sozialetan jasaten dugun jazarpenari buruz hitz egitera nator, sare sozialetan bizirautea baita gaurko erronka. Jazarpena, delitu bat izateaz gain, emakumeok esparru publikoan jasaten dugun jokabide sexista garrantzitsuenetako eta zabalduenetako bat da. Eta horregatik da hain oinarrizkoa indarkeria mota hau ere azaroaren 25ean plazaratzea.

Anna Bosch kazetariak joan den azaroaren 21ean, Kyle Rittenhousen aurkako epaia kaleratu ostean hainbat txio jaso zituen hurrengo hitzekin: “a mamar”, “puta”, “ramera”, “zorra”, “furcia”, “follanegros”… Irain sexista eta arrazista hauen zerrenda amaiezina da. Boschek aipamen horiek Twitterren salatzeaz gain, txio batzuetan batu eta gainerako jarraitzaileoi jakinarazi zigun egunero jasaten zuen jazarpena. Sona handia izan arren, horrelako txioak egunerokoak dira beste hainbat txiolari emakumeren artean, adibidez, Irantzu Varelaren kasuan. Emakume langile izateak eta sare sozial publikoak izateak hainbat gizoni ateak irekitzen dizkie era honetako aipamen eta txioak kontrol eta iragazki gabe jaurtitzeko.

Twitterretik irtenda, beste meloi bat irekitzea ere komenigarria da. Pandemiaren ondorioz asko handitu da sare sozialen bidez ligatzeko ohitura, horretarako bereziki egindako aplikazioen bidez, baina baita Instagram moduko aplikazioen bidez. Emakumeontzat ligatzea mina-zelai bat gurutzatzearen antzekoa da. Sare sozialek ematen duten babesak ez du ekiditen nahi ez diren argazki edo komentarioak jasotzeko eta ematen du horrelako sare sozialetan ibiltzeak jada baimena ematen diela jazartzaileei nahi dutena egin ahal izateko.

Horregatik, azaroaren 25 honetan, kalera irteteko askatasuna aldarrikatzeaz gain, sareetan nabigatzeko askatasuna ere aldarrikatu nahiko nuke, jazarpenik jaso gabe: sare sozialetan bizirautea. Emakumeok gure bizimodua askatasunez egiteko eskubidea dugun heinean, denon betebeharra da jasaten ditugun indarkeria guztiak salatu eta azaleratzea, eta elkarrekin lan eginda guztiz deuseztatzea, benetako berdintasuna lortu arte.

Partekatu!