Ohikotasunetik kanpo

Ekainaren 28a, jada dakizuen moduan, LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Azken urteotan, aldarrikapenetatik haratago, Harrotasunaren Eguna jai bihurtu da, eta jai horren erdigunean, orokorrean, sigla horietatik G letra nagusitu da. Horren ondorioz, LGBTIQ+ elkarte askok publizitateak gidatutako jaien aurrean, ohikotasunetik kanpo geratzea eskatu dute, Harrotasun kritiko eta kolektibo osoaren erakusgarria izango dena aldarrikatzen dute.

Lehenik eta behin, erakutsi beharrekoa da ekainaren 28a (eta orokorrean, ekaina, Pride Month izenekoa) enpresa multinazional eta herrialde askok erabili dutela, euren politika diskriminatzaileak aurpegi abegitsu batekin estaltzeko. Azpimarratzekoak dira, adibidez, armen produkzio eta salerosketan edo erregai fosilen komertzializazioan lan egiten duten multinazionalek aplikatu dituzten aurpegi garbitzeak. Herrialdeei dagokienez, Israel izan daiteke pinkwashing politiken adibide nagusia, Ekialde Hurbileko herrialde demokratiko eta toleranteena dela adierazten baitu, palestinarren aurkako giza eskubideen urraketak estaltzeko.

Harrotasun mainstream hori gure kaleetara ere heldu da, eta ekainaren 28a eta haren inguruan antolatzen diren jai eta ekitaldiak askotan erabili izan dituzte enpresek eta instituzioek LGBTIQ+ kolektiboaren irudi bakar eta normatibo bat emateko, norma horretan sartzen ez zirenak alde batera utziz. Horren aurrean, hainbat elkarte lanean jarri ziren  perspektiba intersekzional batetik abiatuta LGBTIQ+ mugimenduaren borroka gainerako gizarte mugimenduekin batera koordinatzeko eta gizarteak jasaten dituen diskriminazio politika guztiak errotik suntsitzeko. Beraz, Harrotasun kritiko honen barruan zis-heteroarauaren aurka joateaz gain, kapitalismoaren, matxismoaren, arrazismoaren edota kapazitismoaren aurka egiten da borroka.

Horregatik, ohikotasunetik kanpo jarraitzen duen LGTBIQ+ kolektiboak solidaritatea eta ahizpatasuna merezi du gainerako mugimenduengandik. Azkenaldian eztabaida asko eragin duen Trans Legearen harira feminismoaren sektore batzuetatik emandako erantzunak ez du erakusten elkarteen arteko talde-lanik. Ondorioz, funtsezkoa da feminismotik LGBTIQ+ elkartearen borroka geure hartzea, eta diskriminazioen aurka elkar hartuta borrokatzea. Horretarako beharrezkoa da Pride Month komertzialetik haratago begiratu eta Harrotasun kritikoan parte hartzea. Elkarrengandik ikasteak gizarte hobe eta justuago bat eraikitzen eta ertzetan daudenak erdigunean jartzen lagunduko digu.

Partekatu!