Barne-gatazkak feminismoan, Trans Legearen harira
Urte hasiera honetan Trans Legearen (ofizialki, Trans Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako Legea) zirriborroa aurkeztearen harira, mugimendu feministaren barnean eztabaida sutsua sortu da, batez ere, sare sozialetan. Nahiz eta lege honen funtsak arrazoitzeko eztabaida luzea izan feminismoaren barnean, aurretik adierazi dugun moduan, gaurkoan beste aspektu bat aztertu nahiko nuke. Hain zuzen ere, eztabaida sutsu honetan deigarriena ez da izan argudioen erabilera bakarrik, haietan erabili den tonua baizik.
Lehenik eta behin, eztabaida hauetan parte hartzen duten taldeak aurkeztea da egokiena. Alde batetik, legearen alde azaltzen den taldea «queer lobby» izenekoa da. Talde honetan sartu ohi dira LGTBIQ+ komunitateko feminista gehienak, baita feminismo intersekzionalean parte hartzen dutenak. Beste alde batetik, terf feministak daude. Akronimo ingeles honekin (trans-exclusionary radical feminist, edo feminista erradikal trans-baztertzailea) adierazten dira feminismo erradikal zuri eta zis-hetero taldean daudenak. Bi talde horien inguruan mugitzen dira Trans Legea eta feminismoaren eztabaida guztiak, eta talde bi horietatik kanpo dauden pertsonek ez dute eztabaidan inolako lekurik.
Kasu honetan, talde polarizatuetatik haratago, eztabaidaren tonuan eta feminismoak hainbeste azpimarratzen dituen printzipioetako batean erreparatu nahiko nuke. Hain zuzen ere, zaintza izan da feminismoaren korronte guztien oinarrizko printzipioetako bat. Zaintza hau ez da aplikatzen bakarrik etxeko lanen banaketan, baita espazio publiko guztietan ere. Zaintzari esker lantokian, lagun taldeetan edo hirugarren sektoreko erakundeetako taldeetan errespetua, kontu handia eta sentimenduekiko arreta nagusitzen dira, eta era horretara, eztabaidak sosegatuak, lasaiak eta arrazoituak dira.
Eztabaida hauetan, ordea, ez da sosegurik, lasaitasunik edo argudio argirik agertu. Aldiz, kritika suntsitzaileak eta irainak nagusitu dira. Bi sektoreak polarizatu egin dira, edukiaren gainetik, kanpoko irudia baino ez dute atera, eta larriena, trans pertsonak eztabaida honetatik kanpo utzi dituzte. Lege hau trans pertsonen eskubideak bermatzeko den heinean, feminismoak ez luke lege hau erabili behar iskanbila sortzeko, kolektibo diskriminatu baten eskubideak eztabaidan jartzeko, eta pertsona hauek prozedura legegiletik eta gizarteko eztabaidatik kanpo uzteko.
Azkenik, eztabaida honetan feminismoak hainbeste aldarrikatzen duen zaintzaren falta azpimarratu nahiko nuke. Argudio faltaz gain, gure artean eta eztabaidaren erdian dauden pertsonen eskubideei ez zaie inolako errespeturik gorde. Hain zaintzailek onak izan nahi badugu, errespetua mantendu behar dugu beti, eta are gehiago gure arteko eztabaidetan. Ondorioz, izan dezagun zaintza erdigunean, gure arteko eztabaidetan batez ere. Eta izan dezagun zaintza presente beste pertsona batzuen eskubideei buruz ari garenean, batez ere euren nortasunari buruz ari garenean.
Aspektu honi buruz gehiago sakontzeko, Teresa Maldonadok Pikara Magazinen idatzitako artikulua gomendatzen dizuet: Opiniones y derechos fundamentales en los debates y en las broncas feministas.