ZinemaTK: La Muerte y Vida de Marsha P Johnson

Aurten, M8a ez zuen koronabirusak bakarrik markatu. Trans lege berriaren zirriborroak ezberdintasunak eragin ditu feminismoaren barruan, eta eguneko mobilizazio askok emakume transak ere mugimendu feministaren parte direla adierazi nahi izan zuten. Ez naiz xehetasun eta eztabaida gehiagotan sartuko,  blog honek helburu hori ez duelako. Gainera, ez naiz gaian aditua eta ez daukat informazio askorik. Baten batek gehiago jakin nahi badu, Araitz Peñaren Kilima Moreak blogetik pasatzera gonbidatzen zaituztet, bere artikuluak irakur ditzazuen.

M8aren eta emakume transen harira, La Muerte y Vida de Marsha P Johnson dokumentalaz hitz egin nahi dizuet. Johnson 60ko hamarkadan Stonewall mugimenduetan parte hartu zuen aktibistetako bat izan zen eta bere bizitza osoan trans pertsonen eskubideen alde borrokatu zen.

Dokumentalak bere heriotzaren inguruko arrazoiak ikertzen ditu. Bere gorpua Hudson ibaian flotatzen agertu zen, 1992ko uztailaren 6an, West Villageko kaitik gertu. Poliziak zuzenean suizidio batekin lotu zuen eta kasua itxi egin zen baina familiak eta lagunek ez zuten bertsio ofiziala sinetsi. 2016an, Victoria Cruz, New Yorkeko Indarkeriaren Aurkako Proiektuaren barruan, gertatutakoari buruzko informazio eta testigantza gehiago bilatzen hasi zen.

Trans emakumeek bizi izan zuten egoera ere nabarmena da dokumentalean. Emakume horietariko asko kalean bizi ziren, drogak kontsumitzen zituzten edota gaixotasun ezberdinak pairatzen zituzten. Johnsonek, beste askorekin batera, emakume horiek laguntzeko elkarteetan parte hartu zuen eta garaiko gizarte mobilizazioetako ahots indartsuenetarikoa izan zen. Ikus daitezkeen irudi eta ezagutu zutenen testigantzen bidez, LGTBIQ+ mugimenduarentzat eta feminismoarentzat Marsha oso garrantzitsua izan zela ikus dezakegu. Baina ez zen bakarra izan, hots, bera bezalako emakume asko ere egon ziren eta oraindik diraute, emakume trans ugari feminismoaren alde.

Guzti hau ezagututa, zergatik daude trans emakumeak feminismoaren barruan onartu nahi ez dituztenak? Ez dugu gure historia gogoratzen? Denak emakumeak izanda, zergatik bakar batzuen alde borrokatu?

 

Izenburu originala The Death and Life of Marsha P. Johnson.
Jatorria Estatu Batuak
Estrenaldia 2017
Generoa Dokumentala
Iraupena 105 min
Hizkuntza Ingelesa
Zuzendaria David France
Gidoilariak David France, Mark Blane.
Aktore zerrenda

Victoria Cruz, Marsha P. Johnson, Sylvia Rivera, Taylor Mead, Michael Baden, Vito Russo, Randolfe Wicker, Agosto Machado, Kitty Rotolo, Chelsea Goodwin, Pat Bumgardner, Mark Segal, Rusty Mae Moore, Coco Rodriguez, Robert Michaels, Sue Yacka.

 

Partekatu!