ZinemaTK: Pride

Orain dela 51 urte Stonewallen (New York, Estatu Batuak) gertatutako istiluek askatasun sexualaren aldeko mobilizazioei hasiera eman zieten. Data horretatik aurrera, urtero ekainaren 28an, LGTBIQ+ eguna ospatzen da munduko leku askotan. Zineman, badira gaiari buruzko milaka pelikula, hain zuzen ere, Pedro Almodovar zuzendari espainolaren pelikula gehienak tematika horretakoak dira. Dena dela, gaur ez dut Almodovarren pelikularik aipatuko. Gaur Pride pelikula aurkeztuko dizuet.

Pride, sofa eta manta horietako larunbat batean ikusi nuen lehen aldiz, nire lagun baten zinema gomendioak entzun ondoren. Pelikula, Londresen gertatzen da, 1984 eta 1985 urteen artean eta Mark Asthon aktibistak lideratutako gay eta lesbiana talde baten nondik norakoak kontatzen ditu. Urte horietan, Margaret Thatcher lehenengo ministroak hartutako erabakien aurkako meatzarien greba orokorra dago. Asthonen taldea, beraiek bezala, meatzariak talde zapalduak direla ikusita, borrokara gehitzen da eta Lesbians and Gays Support the Miners (LGSM) plataforma sortzen du fondoak biltzeko.

Pelikulak dirauen bi orduetan zehar, LGSM-k aurre egin beharreko arazoak ikus daitezke. Alde batetik, zenbait meatzari sindikatuen errefusa, bestetik familia kideen onarpen eza edo egiten duten lanaren inguruko mesfidantza… Baina esperantzarako lekua egon ere badago, taldea Hegoaldeko Galeseko herri txiki batera heltzen da zoriz eta biztanle eta beraien arteko erlazio polit eta kuriosoa sortzen da.

Nahiz eta pelikula guztiz erreibindikatzailea izan, ikusi eta gero, badira hausnartzera behartzen gaituzten zenbait galdera. Zergatik meatzari talde batzuek uko egiten diote LGSMak eskaintzen dien laguntzari? Laguntza eman nahi duten pertsonen orientazio sexualak, laguntza berak baino garrantzi gehiago dauka? 80 hamarkadako jarrerak urrun ikusten ditugu ala oraindik diraute?

LGTBIQ+ tematikadun pelikula gehiago ikusteko gogoa izanez gero, hona hemen beste zenbait; Todo sobre mi madre (1999), La Chica Danesa (2015), Call me by your name (2017), Elisa y Marcela (2019).

Izenburu originala Pride
Jatorria Erresuma Batua
Estrenaldia 2014
Generoa Komedia dramatikoa
Iraupena 120 min
Hizkuntza Ingelesa
Zuzendaria Matthew Warchus
Gidoilaria Stephen Beresford
Aktore zerrenda

Ben Schnetzer, Monica Dolan, George MacKay, Bill Nighy, Andrew Scott, Imelda Staunton, Dominic West, Paddy Considine, Joseph Gilgun, Sophie Evans, Jessie Cave, Freddie Fox, Faye Marsay.

Partekatu!