M8, grebatik haratago

Aurtengo martxoaren 8an ez da grebarik izango gure herrian. 2018ko eta 2019ko aurrekariekin, askok pentsatuko dute aukera desaprobetxatzea izango dela aurtengoan ere munduko mugimendu feministarekin batera gure indarra grebarik gabe erakustea. Beste batzuek, feminismoaren amaiera ikusi nahi duten horiek, pentsatuko dute emakumeok behingoz beldurrez kikildu garela haien mehatxuen aurrean. Baina mugimendu feministaren barruko eztabaidak askoz haratago doaz, mehatxuetatik eta indarra galtzetik haratago, denontzako berdintasuna lortzeko bidean.

Aurtengo M8a, eta horren aurreko eta osteko ekitaldiak, asanbladak eta bilerak, grebak ordezkatu ezin dituen eztabaidetan sartzea dute helburu: emakume arrazializatuen egoeran, pentsionisten egoeran, sexu-jazarpen eta delituak pairatzen dituzten emakumeen egoeran edo aniztasun funtzionala duten emakumeen egoeran, esaterako. Feminismo intersekzionalaren ikuspuntua harturik, greba erreminta eraginkor baina erredukzionista da, eta ez ditu emakumeok pairatzen ditugun jazarpen eta diskriminazio guztiak azaleratzen. Horregatik, aurtengo mobilizazioetan emakume hauek protagonismo berezia izango dute, bai manifestazio bai eztabaidetan.

Mugimendu feministak aurrerapauso handiak eman ditu azken urteotan gizartearen pentsamoldea aldatzen, eta mundu osoko emakumeak eta gizonak kontzientziatu ditu generoen arteko berdintasunagatik borrokatzera. Oraingoan, eta eskuin muturreko ideologien igoerarekin batera, bereziki diskriminatutako emakumeengan jarri nahi dugu fokua. Honen helburua bat eta bakarra da: emakume guzti-guztiok heldu gaitezen batera berdintasunera. Horretarako, elkar zaindu beharra daukagu, eta batez ere, gehien erasotzen dituztenak. Haiek gabe, ez dugu inoiz lortuko gure helburua.

Horregatik, M8 honetan, irten zaitezte kaleetara, eta protesta ezazue. Baina joan zaitezte zuen herrietako gazte eta kultura guneetara, parte hartu zuen herrietako talde feministek proposatzen dituzten bilera eta ekitaldietan, irakurri pentsalari feministak, baina joan zaitezte pentsalari zuri, zisgenero eta pribilegiatuetatik haratago. Aurtengo M8an, sakon dezagun gure pentsamendu feminista, eta atera dezagun kalera.

Partekatu!