Ekainaren 28an, harro, aske eta kritiko

Oraindik ez dakitenentzat, ekainaren 28a egun handia da LGTBIQ+ kolektiboa osatzen dugun pertsonontzat. Kolektibo zabal, transbertsal, anitz eta harroa osatzen dugu lesbiana, gay, transexual eta transgenero, bisexual, intersexual edo intergenero, queer eta beste hainbat eratara identifikatzen garenok. Askotan, gure jendartean eta batez ere, gure sinesmenen barruan, arraro egiten zaigu sigla horien atzean dauden orientazio eta identitateak hartzea eta gainerakoengan ikustea. Baina gure kolektiboa eremu guztietan hazi da, eta harro hazi behar da.

Dena dela, harrotasun hau era kritikoan aldarrikatu behar dugu. LGTBIQ+ kolektiboa historian zehar zapaldu, alboratu eta ezkutatu nahi izan da, eta azken urteotan, ikusgarritasuna lortu nahian, gaur eguneko modelo kapitalista eta sexistarekin bat egin du. Horregatik, munduko hiriburu askotako “Pride Parade” ospakizunetan, hainbat giza eskubide urratzen dituzten herrialdeak goraipatzen dira (Israel, esaterako), enpresa eta multinazional handien babesa eskatzen da eta festaren erdian, gizonak dira nagusi.

Horregatik, “Harrotasun kritikoa” gero eta gehiago zabaldu da azken urteotan gure inguruan. Ekainaren 28a berriro aldarrikapen egun bihurtzea proposatzen dute, batez ere sigla ikusezinenak azaleratuz. Manifestazioen erdian Stonewalleko espiritua mantentzea da gaur egungo LGTBIQ+ mugimendu kritikoaren helburua, oraindik konkistatu gabeko esparruak konkistatzea eta kolektiboko pertsonek jasaten duten jazarpena, ikusezintasuna eta, askotan, konbertsio-ahaleginak kritikatzea eta gure orientazio eta identitateak askatasunez bizi ahal izatea eremu guztietan.

Ekainaren 28 hau harro egoteko eguna da. Harro garenagatik, harro gure helburuengatik eta harro helburu horiek lortzeko markatu dugun estiloagatik. Horretarako, festarekin batera, manifestazio eta aldarrikapen gehiago behar dira, zurikeria gutxiago eta esparru LGTBIQ-foboak deuseztatzeko ahaleginak handitu.

Partekatu!