Etxean geratzeak kalera irtetzeak beste beldur ematen duenean

Garai post-apokaliptiko hauetan, kalera irtetzea arriskutsua izateaz gain, delitua ere bada, bere salbuespenekin. Etxean geratzea betebehar bat da, baina batez ere, gure gizartearenganako ardura da. Dena dela, gaur etxean geratzea kalera irtetea baino arriskutsuagoa den pertsonei buruz hitz egin nahiko nuke. Gaurkoan, gure eztabaiden erdian jartzen dugu emakumeen kontrako indarkeria berrogeialdian.

Emakumeen kontrako indarkeria COVID-19 baino gehiago zabaltzen den pandemia da. Urtero milaka emakume hiltzen dituzte eta are gehiagok jasaten dute indarkeria fisiko, psikologiko, sexual eta ekonomikoa. Etxean geratu behar dugun garai honetan, emakume hauek eta euren umeek indarkeria gehiago jasan dezakete euren etxeetan. Hain zuzen ere, joan den martxoaren 20an gizon batek bere bikotekidea hil zuen Almassoran (Castellòn). Emakumeok aurretik zituzten askatasun guneak asko murriztu dira eta euren egoera guztiz jasanezina bihur daiteke edozein momentutan.

Horregatik, eta emakume hauei argi apur bat egiteko asmoz, gobernuen eta herritarron ekimen desberdinak aurkeztu nahi ditut, zuentzat lagungarriak izan daitezkeelakoan, eta batez ere, arrisku oso murriztua dakartelako:

  • Ohiko arretarako telefonoek martxan jarraitzen dute. 116 (Estatuan) eta 900 840 111 (Euskadin) deiak jasotzen jarraitzen dute, doan dira eta ez dute inolako erregistrorik uzten.
  • Ohiko larrialdietako telefonoa, hau da, 112, erabilgarri dago emakumeen kontrako indarkeria kasuetarako.
  • Harrera, egoitza, aholkularitza juridiko espezializatu eta arreta psikologiko espezializatuko zerbitzuak martxan daude, osasun-segurtasuneko neurriak errespetatuz.
  • Larrialdiko egoera baten etxetik irteten bazara, edozein baliabidetara joan zaitezke, bai osasun, bai segurtasun, bai baliabide judizialetara. Ezingo dizute isunik jarri.
  • Zure bizilekutik irteteko aukerarik izan ezean, ahalegindu aurreko telefonoetako batetik deia egiten. Bestela, jaitsi ALERTCORPS edo ERASTOP -en moduko aplikazioak eta jarraitu bertako irizpideak.
  • Horrez gain, badaude herritarrek bultzatutako ekimen asko. Adibidez, Mascarillas-19 ekimenaren bidez, Estatuko edozein farmaziatan, baita zure etxe ondokoan ere, kode hori erabilita (Mascarillas-19) bertako langileak ohartarazi ahal dituzu haiek beste segurtasun-baliabide batzuei abisatzeko.

Berrogeialdiak ez ditzala emakumeak are arrisku handiagoan jarri. Gogorarazi ditzagun sare sozialen edo komunikabideen bidez goiko baliabide hauek, gizarte-urruntzeak ez ditzala emakumeak baliabideetatik urrundu.

 

Partekatu!