Iruzurtiaren sindromea

Hasiera guztiek dakarte beldurra eta aurretik dagoenarekiko errespetua. Feminismoaren munduan sartzean eta betaurreko moreak janztean, emakume askok gure atzetik izan ditugun eta gaur egun ere, oraindik bizirik ditugunekiko errespetua hazten dugu barnean. Horregatik egiten zaigu askori hain zail emakumeoi eta feminismoari buruz idaztea, guretzako erreferente izan direnen artean lekua izatea ez dugulako geuretzat ikusten. Kilima more hauexek dira nire ahalegin xumea, Olympe de Gouges, Sojourner Truth, Angela Davis eta beste hainbeste gogoan ditudala.

Baina iruzurtiaren sindrome hau are gogorragoa da emakumeok aginte postuetara hurbiltzeko saiakera egitean. Jendarteak jarritako eskalan gora egin ahala, emakumeok desagertzen joaten gara eta hara hurbiltzen direnak arrotz, lekuz kanpo eta botere gabe sentitzen dira gizonen munduan. Eskailera honetan kristalezko sabaia gainditzea oraindik ia ezinezkoa da emakume gehienontzat eta hara heltzeko bidea are gogorragoa. Gure lorpenak arrotz sentitzen ditugu, zorteak edo beste norbaitek lortuak izango balira bezala. Emakumeongan gertatu ohi den
sindrome honek askotan karrera asko murriztu ditu, egunero erakutsiz patriarkatuak nolako eragina izan dezakeen, baita gure pentsamenduetan ere.

Dena dela, eremu elitista eta sexista hauetara gero eta emakume gehiago sartzeak eta horri buruz idazteak jendartearen pentsamoldea aldatzeko gaitasuna du. Duela 20-30 urte, diplomazia gizonen mundua zen; gaur egun, aldiz, unibertsitateetan emakumeok gara diplomazia ikasle gehienak. Berdina gertatzen da zientzia eta teknologiako eremuetan. Aldaketa gazteongandik hasten da, eta apurka-apurka, ez gara hain arrotz sentituko benetan dagokigun lekuan.

Iruzurti sentitzen den emakume boteretsu baten adibidea dugu Michelle Obama. Artikulu honetan adierazten du nola sentitzen dituen bere lorpenak arrotz.

Partekatu!