Intersekzionalitatearen beharra

Feminismoaren hirugarren olatuak egindako ekarpen teoriko eta politikoen artean, garrantzitsuenetakoa da intersekzionalitatea. Nahiz eta mugimendu feminista XVIII. mendearen inguruan sortu, 1970eko hamarkada amaierara arte ez zen teoria politikorik egin feminismoaren barruan gainerako zapalkuntzei buruz, eta batez ere, emakumeengan zapalkuntza horiek zuten eraginei buruz. Kontzeptu hau garatzeko orduan, arraza desberdintasuna izan zen oinarria, baina zapalkuntza horretatik hasita, beste hainbat garatu dira azken urteetan. Gaur egun, gizarte-klasea, sexu orientazioa, sexu-identitatea edo gaitasunak kontuan hartzen dira generoarekin batera, gizarteko berdintasun eza analizatzeko.

Intersekzionalitatea garatzeko mugimendu horretan arraza desberdinetako talde feministek egindako aktibismoa funtsezkoa izan zen ekintzetatik plano teorikora jauzi egiteko eta sortu zen lekutik, Estatu Batuetatik, gainerako herrialdeetara zabaltzeko. EEBBko mugimendu feminista beltza hasi zen feminismoaren barruan arrazakeriaren eragina aztertzen, eta 1980ko hamarkadan bertan eremu teorikora ere salto egin zuen, Kimberle Williams Crenshaw irakaslearen eskutik.

Intersekzionalitatea izan da feminismoak bere historian zehar egindako hirugarren iraultza, giza eskubideen eta boto eskubidearen ostean. Kontzeptu honi esker, feminismoa benetan anitz eta denon adierazgarri bihurtu zen, eta feminismoaren barneko korronteek egindako azterketa eta ikerketek feminismoaren analisi gaitasuna handitu dute azken urteotan.

Gaur eguneko jendartean, feminismoa hezkuntzan, politikan, aisialdian eta beste hainbat ingurutan sartu behar dela esaten denean, presente izan behar dugu feminismoarekin batera intersekzionalitatea sartzea izango dela benetako aurrerapena, eta gizarte moduan hobetzeko modurik onena. Gure barnean ditugun aurreiritziak atzean utzita, diskriminazio mota guztiei aurren egin diezaiekegu, feminismo intersekzionalak ekarritako ideiei esker. Gizartean muturreko iritziak gailentzen doazen heinean, diskurtso honek balio dezake bereizketaren erretorikari aurka egiteko.

Partekatu!