Iraultza feminista, Elizan ere bai

Itxialdi garaian, kalea ez da inola ere zapaltzen, eta horregatik, manifestazioak, protestak eta iraultzak etorkizun ezezagun baterako uzten dira, momentu horretan kaleak berriro hartzeko itxaropenarekin. Gaurkoan ahaztu behar ez genukeen gizarte mugimendu bat aurkeztu nahiko nuke, pandemia aurreko garaian ilusio handia egin zidana: Elizako Emakumeen Iraultza.

Mugimendu feminista sekularretik (edo ateotik) betidanik kritikatu da Eliza, instituzio honek argi eta garbi mantentzen dituelako bere jatorri patriarkala eta ordutik ezarritako genero-rolak. Honen erakusgarri dira, adibidez, funtzio eta ministerio-karguetan emakumeak izateko debekua, edo emakume eta familia-ereduak erabakita uzten dituen moral itxia. Hala ere, kritika hauek ez dira Elizatik kanpo geratu. Hain zuzen ere, orain dela urte batzuetatik eta, batez ere, azken hiru urteetan, mugimendu feministak egindako aurrera pausoengatik, emakume erlijioso eta laiko askok kaleak hartu dituzte. Aldi berean, argi ikusi da zailtasun handiak daudela Elizaren barruan erreformak egiteko, Amazoniako Sinodoaren ostean ikusi zen moduan, eta erantzun honek emakume asko euren eskubideak eskatzera bultzatu ditu, baita Eliza Katolikoan ere.

Elizako Emakumeen Iraultza teologo feminista batzuek idatzitako manifestu baten inguruan sortu zen, eta hurrengo eskakizunak batzen zituen. Lehenik eta behin, diakono eta presbitero postuetarako sarrera eskatzen dute emakumeontzat, gizonen neurri berean. Bigarrenik, parrokietan emakumeok egiten dugun era askotako lanaren (hezkuntzaren, ospakizunen eta zaintzen) aitorpen argi eta berariazkoa eskatzen dute, eta baita emakume teologoentzako aitorpena ere, euren iritzia aintzat hartuz testu erlijiosoetako hizkuntza sexista eta patriarkala ezabatzeko, adibidez. Azkenik, Elizari kritika egiten diote era askotako familien aitortzan atzean geratu direlako, alde batetik, eta bestetik, sistema ekonomiko neoliberala mantentzen jarraitzen duelako, genero eta herrialdeen eta klaseen arteko desberdintasunak betikotuz eta ingurumena hondatuz.

Protestak Madrilen eta Sevillan egin ahal izan ziren martxoaren 1ean, eta martxoaren 15erako beste hainbat hiritan, haien artean Bilbon, deitu ziren, nahiz eta bertan behera geratu alarma-egoera deklaratu zelako. Dena dela, mugimendu honek kuriaren immobilismoaren aurrean Elizako emakumeak pazientzia galtzen hasi direla adierazten du. Monjek jasandako lan eta sexu-jazarpenei buruzko ikerketa Vatikanoan abian jartzea pausu positibotzat jo dute baina, manifestuak adierazten duen moduan, oso labur geratu da eta emakumeen parte-hartzea funtsezkoa da Elizak etorkizunean derrigorrez egin beharko dituen erreformetan. Hain zuzen ere, gaur egun emakumeok gara Eliza eusten duten harri eta zutabeak.

Manifestua: https://drive.google.com/file/d/1I-2j2jcbTkszoHfK9W-lXEnFhd9Pohqm/view 

Partekatu!