Amatasunaren idealizazioa

Amaren Egunerako kanpainetan amatasunaren irudi ideala erakusten digute hainbat iragarkik. Haietan ikusten dugu amarik onenak besteen alde dena ematen dutenak direla, pazientzia handikoak eta gutxi kexatzen direnak. Irudi horiek 1950eko hamarkadako publizitatea ekarri digute askori gogora, emakumeen rol tradizional eta jokaera egokienak gomendatzen zituzten iragarkiak eta garai hartako emakumeen irudi ideala sortu zutenak. Gaur eguneko emakumeok garai hartako publizitatea ikusten dugunean, askotan argi ikusten dugu gehienok ez dugula rol horietan lekurik eta XXI. mendean guztiz gaindituta daudela. Horregatik egiten zaigu hain zail horrelako iragarkiak ikustea, amatasun ideal bat erakustea eta helburu hori emakume guztiontzat zabaltzea.

Amatasuna, lehenik eta behin, emakume bakoitzaren aukera pertsonala da eta berak baino aukeratu ez dezakeena. Horrez gain, amatasun ereduak emakume ereduak bezain desberdinak izan daitezke, eta hainbat eratara hez ditzakete ume eta gazteak. Gizarteak eredu perfektu bat jarri digu aurrean eta eredu perfektu hori ez betetzeak eta norbera betetzeko gai ez ikusteak emakumeoi hainbat buruhauste eragiten dizkigu. Askotan ama horietako asko ama txar moduan ikusten ditu gizarteak eta kritika handiak egiten dizkie.

Horregatik, Amaren Eguna ospatzeko amatasun eredu desberdinak aldarrikatu behar dira, eredu osasuntsuagoak bai amentzat eta baita ume eta gazteentzat ere. Amatasun eredu desberdin horiek ama izateari buruzko aurreiritzi asko apur ditzakete eta ama izateko ideia emakume askorengan jaioarazi. Horregatik, iragarki horiek kritikatzea eta publizitate matxista arbuiatzea oso garrantzitsua da mugimendu feminista eta gizarte feministarentzat.

Kritika feminista gehiago irakurtzeko: https://www.eldiario.es/barbijaputa/el_corte_ingles-barbijaputa_6_894920543.html

Partekatu!