Bizitzak erdigunean – M8an, heteropatriarkatuari planto!

Eslogan indartsu honen aurrean, aurtengo greba feministan parte hartzea, aukera izateaz gain, beharrizana dugu emakumeok*. Urtebete pasatu da iazko M8ko greba historikotik, eta aurtengoan ordukoa gainditzera gatoz. Euskal Herriko Bilgune Feministak emakumeon* greba deitu du hezkuntzan, lanean, kontsumoan, zaintza lanetan eta pentsiodunen artean, patriarkatuaren eta kapitalismoaren aurrean. Ikusi da azken urteotan feminismoari esker giza eskubideak ere gure bihurtu direla, eta gaur egun, emakumeon* gatazkak gizartearen erdigunetik gertuago daude. Dena dela, mugimendu feministek grebak eta mobilizazioak deitu dituzte ostiralerako. Zergatik hainbesteko mugimendu?

Espainiako mugimendu feministek ateratako traolen artean, #1000motivos izan da prestakuntzetan gehienbat erabilitakoa. 1000 arrazoi horien artean sartzen dira emakumeon* kontrako indarkeria mota guztiak, eskubide murrizketak, desberdintasun ekonomikoak… Arrazoi horiei aurre egiteko, zortzi eguneko iraultza deitu dute martxoaren 1etik aurrera, M8ko greba prestatzeko, arrazoiak komunikabideetan eta sare sozialetan zabaltzeko, ekitaldiak, manifestazioak eta zaintza zentroak zabaltzeko eta gizartea mobilizazioetan parte hartzera bultzatzeko.

Gure idearioaren C.12 puntuak honela dio: “gizartearen egituraketan nabarmentzen den patriarkatua indargabetu behar dugu”. Gure mugimendua oinarritik feminista da, eta feminismoan hezteko eta mundu zuzenago bat eraikitzeko konpromisoa dugu. Greba eta grebaren inguruko lan, ekintza eta mobilizazioak ere gure ardura eta gure eskubideak dira, eta greban parte hartzeak gizarte aldaketaren bidea ireki dezake. Informazio faltak ezin gaitu etxean utzi. Gehiago, Euskal Herriko Greba Feministan, eta mobilizazioen mapa honetan (Irene Martínez eta Carlos Benéitezek egina).

Partekatu!