“Si tocan a una, nos tocan a todas”

Beti harritu nau esaldi horrek. Emakumeen arteko laguntasuna eta sororitatea bera laburbiltzeko erarik onena erakusten du esaldi horrek. Esaldi horri esker, emakume guztiok identifika gaitezke emakume bortxatuekin, erasotuekin, abusatuekin, gutxiestuekin. Baina esaldi horrek esanahi berezi bat hartzen du emakume horietako bat neu izan nintekeenean.

Lehenik eta behin, artikulu honen zailtasuna azaldu beharko nuke. Zailtasuna ez dator hiztegitik, idazteko erabili behar izan dudan gogoagatik baizik. Urtebete baino gehiago, ingurukoen laguntza eta taldeko zaintza landu ostean, hitz hauek idaztera ausartu naiz. Zaila izan da, oraingoan “denok ukitzen gaituzte” hori ez zegoelako errealitatetik hain urrun. Egunerokoan ikus genezakeen, gure ondoan, eta bakoitzak bere erara eta bere neurrian bizi zuen, ahal zuen moduan irensten zuen. Behin salbu eta seguru geundela konturatu ginenean, bi sentimendu bihurtu ziren bidelagun: beldurra eta haserre bizia. Esperientziak eta bizipenak elkarbanatu ostean konturatu naiz denok pasatu garela etapa horietatik lehenago edo beranduago. Askotan, norbait ikustean ihes egin edo izutu egin gara, eta aldi berean, pertsona hori jipoitzeko gogoa jaio zaigu barnean, nahiz eta aurrez aurre momentuz ez ikusi.

Harrigarriena da denok helduko garela, momentu batean edo bestean, norbera “emakume” horretan ikustera. Momentu horretan, geure buruari eta geure modukoei jartzen dizkiegun etiketak aldatu egiten dira eta “biktima”, “bizirik atera dena”, “kaleko borrokalari” eta “terapia beharrean” agertzen dira gure buru gainean. Istripu larri batetik irteten dena bezala, gu geu ere bizirik ateratzen gara, eta bizirik gaudela ikusten dugu, bortxaketa, eraso edo abusu bakoitza norberak eta emakume guztiek gainditzen duten bakoitzean.

Orain, “si tocan a una, nos tocan a todas” esaldiak beste esanahi bat du niretzat. Benetan ukitzen gaituzte denok, gure gizartean espazio libre eta seguruak ez dauden bitartean, autodefentsa eta zaintza beharrezko erremintak izan behar diren bitartean. Oraindik erasotzaileei eta delitu horiek gutxiesten dituzten gizartearen kontra erabili behar ditugun armak dira erreminta horiek. Gure mugimenduan, taldeetan, begiraleen eta gazteen artean ere zabaldu behar ditugu erreminta hauek, orain arte ikusi dugun moduan, gure ideario, pentsamendu eta gizarte-ereduaren kontrako ekintzak, delituak, gertatzen diren bitartean.

Partekatu!