Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, erantzun bakarra

Azaroaren 25ean erakunde eta gizarte osoak erantzun bateratu bat adostuta izan du azken urteotan: emakumeon kontrako edozein indarkeria mota deitoragarria dela eta haren kontra lan egin behar dela. Denon arteko adostasun hau ez du inork dudan jarri, jakina zelako beharrezko mugimendu eta deia zela apurka-apurka hiltzen zituzten, tratu txarrak jasaten zituzten edo indarkeria ekonomiko edo sexuala jasaten zuten emakumeen kantitatea murrizteko, gizonei beste era bateko ereduak erakusteko eta emakumeok ahalduntzeko.

Adostasun hau lehen aldiz apurtu da aurten. Errusiar mendi politikoak eskuin muturra ekarri du instituzioetara. Eskuin mutur honen filosofia gizarte feminista baten guztiz kontrakoa da, haren printzipioen artean baitaude xenofobia, arrazismoa, matxismoa, klasismoa eta gizarte-desberdintasunak mantentzea. Madrilen, adibidez, nahiz eta eskuineko alderdi bat gobernuan izan arren, 2005etik egin dute adierazpen instituzionala A25 dela-eta. Aurtengoa izango da adierazpen hori egingo ez den lehen urtea, eskuin muturrak ez duelako baimenduko.

Gogoan izan behar da gaur egungo eskuin muturraren aurrekari nagusia faxismoa eta frankismoa direla, emakumeon askatasunak murriztu zituen sistema politikoa eta etxeko beharretara eta erabaki-guneetatik kanpo utzi nahi gintuen sistema politikoa. Horrela bakarrik uler daiteke jostea emakumeontzako ahalduntze-ekintza proposatzea edo Genero Indarkeriaren Aurkako Neurrien Legearen aurkako jarrera hartu izana.

Gogoan izan dezagun aurtengo 93 feminizidioetako bakoitza. 93 emakume hil dituzte aurten, horietatik 51 bakarrik hartuko dituzte kontuan genero indarkeria zerrendetan. Emakume bakoitzak gogorarazten digu zenbat geratzen zaigun gizarte feminista bat guztiz eraikitzeko. Iraganera eraman nahi gaituen faxismoaren aurrean, A25ean erantzun bateratu bat behar dugu, merezi dugu: gehiago ez, eta gutxiago ere ez. Faxismoari aurre egiteko beharrezkoa izango dugu feminismoa.

Partekatu!