ZinemaTK: El cuaderno de Tomy

Castellano >>

Aste honetan minbiziaren nazioarteko eguna ospatu da. Minbiziak urtero 9,6 milioi heriotza eragiten ditu. Batzuetan minbiziak amaiera ona eta zoriontsua izaten du; diagnostiko goiztiarra, tratamenduari erantzun ona eta gaixotasunaren ondorengo garaipena. Beste askotan, emaitzak ez dira hain politak eta gaixotasuna jasaten duen pertsona hil egiten da. Bai, nahiz eta gaixotasunari aurre egin, nahiz eta ausardiarekin borroka egin eta inoiz amorerik ez eman, gaixo dagoena hil egiten da. Minbizia putakeria galanta da, gehiengoak gaixotasuna pairatu duen ezagunak ditugu eta badakigu neurri handiagoan edo txikiagoan horrek suposatzen duena.

El cuaderno de Tomy filmak, minbiziaren alde gogor hori erakusten du. Filmak María Vazquezen istorioa kontatzen du, 43 urteko arkitekto, marrazkilari eta blogari argentinarra,  obarioetako minbiziaren tratamendu luze baten ondoren gaixotasunaren azken fasean sartzen dena. Hil egingo dela jakinda, Mariak bere agurra prestatzen hasten da, lagunak eta familia biltzen ditu baina triste egon beharrean dena baikortasunez aurpegiratzen du. Mariak, 3 urteko umea dauka, Tomy, eta gutxi barru bera gabe bizi beharko dela jakinda, berarentzako liburua idazten hasten da.

Fikziozkoa ematen duen gidoi hau, benetako María Vazquezen oinarriturik dago. Jatorrian semeak ez zuen Tomy izena, Nippur baizik eta berarentzako idatzitako liburuxka, hil eta sei hilabetera argitaratu zen, berehala salmenta arrakasta bihurturik. Ospitalean eman zituen hilabete guztietan zehar, amaierara arte, Mariak, Twitterreko bere kontua erabiltzea erabaki zuen, bere errealitate gogorra umorez eta ironiaz kontatzeko.

Filmean oso ondo islatzen da guzti hori eta ikuslea hausnartzera eramaten du. Minbiziak bizitza asko nahasten ditu, ez bakarrik sufritzen duen pertsonarena, baita ingurukoena ere. Mariaren heriotzari aurre egiteko modua ikaragarria da, bere gain hartu eta azkeneraino bizitzea erabakitzen du, bere beldur eta zalantzekin bai, baina damutu gabe. Uste dut denok ez ginatekeela gai horrela egiteko. Horrez gain, heriotza duinaren inguruko debatea sortzen da, zergatik gaixoaren agonia luzatu, hiltzeko eskaria argi egiten badu? Non dago lagundutako heriotza eta eutanasiaren arteko ezberdintasuna?

Filma ezagutzera gonbidatzen zaituztet eta aukera izanez gero, benetako El cuaderno de Nippur irakurtzera ere, modu horretan, María Vazquez izandakoa gehiago ezagutuko duzue.

Resultado de imagen de el cuaderno de tomy poster

Izenburu originala El cuaderno de Tomy
Jatorria Argentina
Estrenaldia 2020
Generoa Drama
Iraupena 84 min
Hizkuntza Gaztelania
Zuzendaria Carlos Sorin
Gidoilaria Carlos Sorin (María Vazquez-en liburutik)
Aktore zerrenda

Valeria Bertuccelli, Esteban Lamothe, Mauricio Dayub, Carla Quevedo, Malena Pichot, Monica Antonopulos, Diego Gentile, Paola Barrientos, Ana Katz, Diego Reinhold, Ana Pauls, Romina Ricci, Julian Sorin, Beatriz Spelzini, Catarina Spinetta.

Partekatu!