ZinemaTK: El hoyo

Castellano >>

El Hoyo pelikularen estreinaldia oharkabe pasa zen 2019ko azaroan. Aurretik hainbat sari jaso zituen zenbait festibaletan, Torontoko Nazioarteko Zinema Festibalean (TIFF) Midnight Madness sekzioan publikoaren saria eraman zuen eta Sitges Zinema Festibalean pelikula onenaren saria, errebelazio zuzendariarena, efektu bereziena eta publikoaren sariarena.

Egun hauetan, etxetik irten ezinik gabilenean pelikula ikustea erabaki dut. Masokista banintz bezala, nire kartzel partikularrean nagoen bitartean, kartzela den zulo bati buruzko pelikula ikusi eta damutzen ez naizela esan behar dut. Pertsona guztiok ikusi beharreko pelikula dela uste dut, era sinplean gauza asko kontatzen dizkigulako, eta gizartearekiko gure jarrera nolakoa den hausnartzen lagundu gaitzakelako.

Mailetan banaturiko gizartea.

Pelikulan, gizarte alegoriko bateko kartzela aurkezten da, Centro de autogestión vertical izenekoa. Oso datu gutxi ematen dira, nahikoak bertan, maila ezberdinetan banaturik,  ehundaka edo milaka pertsonek bizirauten dutela ezagutzeko. Jakin ere badakigu, maila horietako bakoitzean bi pertsona daudela, ohe binarekin, ur txorrota eta komun batekin eta hilabetero  bikote bakoitza mailaz aldatzen dela, aurreko hilabeteko maila igo edo jaitsiz.

Baina nork edo zerk determinatzen du maila batean edo bestean egoteak? Zuzenekoa da beheko mailetan daudenak behera egiten jarraitzea edo goikoetan daudenak behin eta berriz igotzen egotea? Gure gizartearen erradiografia ote da? Behe mailetako biztanleria inoiz ezingo da goi mailako biztanleria bezala bizi? Eta hori gertatzen bada bere izaera eta besteekiko jarrera aldatuko da?

Berekoikeria bizirauteko

Kartzelak beste berezitasun bat dauka, egunero janariz beteriko plataforma jaisten da eta maila bakoitzean minutu batzuk egiten ditu, beherantz jarraitu baino lehen. Minutu horietan zehar, pertsona bakoitzak beharrezkoa duena hartu behar du eta plataforma joan orduko ezin da janaririk geratu eskuetan. Berekoitasuna agerian da eta nahiz eta pelikularen une askotan zehar pertsona ezberdinak janariaren bidezko banaketa egiten saiatu, hainbeste maila egonda, janaria ez da maila batetik aurrera daudenei heltzen. Gizartearen maltzurkeria eta baldartasuna ikusten da inolako erreparorik gabe.

Demokratiko bezala deskribatzen den gizarte batean, mota honetako jarrerak jasaezinak dira. El Hoyon janariarekin ikusten da, baina berrogeialdi honetan zehar asko izan dira berekoitasunean oinarrituriko jarrerak. Besteak kontuan hartu gabe, asko izan dira farmazietako maskarillak, gel desinfektanteak edo eskularruak agortu dituztenak, edo osasun arloko profesionalak egiten ari diren lana kontuan hartu gabe, kalera era arduragabean atera direnak.

Izenburu originala  El Hoyo
Jatorria  Espainia
Estreinaldia  2019
Generoa  Thriller/ Zientzia-Fikzioa
Iraupena 94 min
Hizkuntza Gaztelera
Zuzendaritza Galder Gaztelu-Urrutia
Gidoia David Desola, Pedro Rivero
Aktore zerrenda Ivan Massagué, Zorion Eguileor, Antonia San Juan, Emilio Buale, Alexandra Masangkay, Eric Goode, Algis Arlauskas, Miriam Martín, Óscar Oliver

Partekatu!