ZinemaTK: I am Maris

Castellano >>

Aldizkarian idazten hasi nintzenetik inoiz ez dut arazo handirik izan aldizkari gaiarekin zerikusia duen filma bati buruz hitz egiteko. Baina oraingoan desberdina izan da, elikadura arazoak larriak dira eta ez dut uste fikziozko film batek gaixotasunaren nondik norakoak ondo isla dezakeenik. Ez bertan ateratzen diren aktoreek beraien papera ondo interpretatzen ez dakitelako, baizik eta ikusleari ez diotelako gaixotasunak zer suposatzen duen ondo erakusten. Horrez gain, ez naiz gaian oso aditua eta asko jakin gabe anorexiaz edo bulimiaz berba egiteak errespetu pixka bat ematen dit.  Guzti horregatik, I am Maris dokumentalaren inguruan egingo dizuet berba, Maris Degener gaztearen istorioa ezagutu dezazuen, berak, bere familiak eta ingurukoek kontatutakoa.

Degenerek 22 urte ditu eta yoga irakasle, idazle eta osasun mentalaren defendatzailea da. Ikasle grinatsua, Santa Cruzeko Kaliforniako Unibertsitateko ohoreekin graduatu berria da psikologia graduan eta justizia sozialean espezializaturik dago.

Gazteetan Marisek antsietatea pairatu izan zuen eta bigarren hezkuntza hasterakoan izu atakeak presente egin ziren bere egunerokoan. Guzti horren ondorioz, 14 urterekin, Marisen gurasoek bere burua kaltetzen eta janaria gordetzen ari zela konturatu ziren, eta medikuaren bisita ondoren, gosez hiltzen ari zela jakin zuten, anorexia nerbiosoa pairatzen zuen. Lucile Park Children’s ospitalean hiru astez egon eta gero etxera itzuli zen baina anorexia eta antsietatea desagertu ez ezik, txarrera egin zuten. Bere amak aholkaturik yoga klaseak hasi zituen eta pixkanaka gorputz eta buruaren arteko oreka lortu izan zuen, yoga bere bizimodua izatea lortu zuen arte.

Yogako jarrera ezberdinen bidez banatuta, dokumentalak diagnostiko eta errekuperazio prozesua nolakoak izan ziren kontatzen du. Horrez gain, Degeneresek aurre egin behar izan zituen beldurrak ikus daitezke, baita yogak ekarri zizkion onurak ere. Onura horien artean Yogamaris bloga dago, bere esperientzia kontatzeko erabiltzen duena. Bertan, gaixotasunari buruz inork kontatzen ez dituen gauzak esaten ditu eta oso famatua bilakatu da, antsietate, depresio eta elikadura nahasteak dituzten pertsona asko lagundu dituelako.

Izenburu originala I Am Maris: Portrait of a Young Yogi
Jatorria Estatu Batuak
Estrenaldia 2018
Generoa Dokumentala
Iraupena 54 min
Hizkuntza Ingelesa
Zuzendaria Laura Vanzee Taylor
Gidoilaria Laura Vanzee Taylor
Aktore zerrenda Maris Degenes

Dokumentala behin ikusi ondoren, zenbait galdera datozkit, antsietatea eta jokabide perfekzionista gaixotasunaren faktoreak badira, zergatik ez da lantzen osasun mentala haur eta nerabeekin? Badirudi hainbat faktore ezberdinek sortu dezaketela elikaduraren nahasteak, batzuk genetiko edota biologikoak izan daitezke, baina ingurune faktoreak edota faktore sozialak gure esku egon daitezke? Zergatik ematen diogu hainbeste garrantzia gure irudiari? Azkenaldian body positive delako mugimendua sortu da, baina nahikoa ote da? Izan ere, gaur egun emakume gazteen %5 inguru anorexia nerbiosoaren sintomaren bat dauka edo izan du. 

Partekatu!