ZinemaTK: POSE

Hainbat hilabete daramatzagu nostalgiak hartuta eta 90eko hamarkadako serieak pantailara itzultzen ari dira. Atzera begiratuz gero, telesail hauetako oso gutxik dituzte LGTBI pertsonaiak, burura etortzen zaizkit Friends telesaileko Carol eta Susanen edo Chandlerren amaren pertsonaiak, duela gutxi ikusi dudalako, baina ez gehiago.

Duela hogeita hamar urte ez bezala, gaur egun LGTBI pertsonaiak dituzten telesailei buruz hitz egitean zerrenda luzea egin dezakegu. Bigarren mailako pertsonaiak ez ezik, protagonistak ere badira. Telesail horien artean dago POSE, Ryan Murphyk duela hiru urte sortua, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetako kolektiboaren bizitza kontatzen duena. Hamarkada horietan, ondo esan dugun bezala, telesailek ez zuten ia halako pertsonaiarik. Baina horrek ez du esan nahi LGTBI pertsonak existitzen ez zirenik, ez ziren ikusten eta sozialki baztertzen ziren.

Hiru denboralditan zehar (guztiak HBOn eta horietako bi Netflixen), Murphyk emakume afroamerikar eta latino trans batzuen bizitza kontatzen du. Underground kulturan zentratuta, mundu ikusezin eta ezkutua erakusten digu; Dance Hall izenez ezagututako dantza- eta modelaje-batailak, House izenez ezagutzen ziren familia hautatuen sarea, non LGTBI jendea biltzen zen eta elkarrekin bizi eta elkar babesten zuten… Baita kolektiboko jendeak pairatu behar izandako diskriminazioa ere. Telesaileko zenbait pertsonaia arazoak dituzte lana aurkitzeko, edo etxetik alde egin behar dute beraien sexualitatea bizi nahi izateagatik. Oraindik haratago doa, eta GIBaren hedapenak kolektiboan izan zuen eragina kontatzera ausartzen da, hiesaren gaixotasuna pairatzen ote zuten jakiteko beldurra, ezjakintasuna eta sufrimendua. Askok bizi izandako egoera kontatzen du inolako arazorik gabe, batzuetan gogorragoak izan ziren momentuak leuntzen.

POSE izan da aktore transak telebistaren eta zinemaren industriara sartu dituen lehen telesailetako bat. Argi utzita beharrezkoa dela horrelako paperak emakume transak interpretatzea, eta ez emakume gisa karakterizatutako gizonak. Horrelako pertsonak telesail edo filmetan ikustea oso garrantzitsua da. Kolektiboa fikzioan normalizatzea aurrerapausoa da, jendeak erreferenteak izan ditzake edo identifikatuta senti daiteke, eta aurrera egiten laguntzen du, aniztasuna baloratzen.

 

 

Izenburu originala Pose
Jatorria Estatu Batuak
Estrenaldia 2018
Generoa Telesaila, drama.
Iraupena 75 min kapituluko
Hizkuntza Ingelesa
Zuzendaria Ryan Murphy, Nelson Cragg, Silas Howard
Gidoilaria Ryan Murphy, Steven Canals, Brad Falchuk
Aktore zerrenda

Mj Rodriguez, Indya Moore, Kate Mara, Jeremy McClain, Evan Peters, Angel Bismark Curiel, Ryan Jamaal Swain, Samantha Grace Blumm, Sheryl Minikes, Angelica Ross, Alexander Martin Jones, Tommy Bayiokos, Assibey Blake, Dyllon Burnside, Sebastian Chacon, Leonys Delossantos, Brian Donahue, Tyler Hanes, Stephen Hanna, Kevin Interdonato, Dominique Jackson, Amy Morse, Jimmy Palumbo, Annie Pisapia, Billy Porter, Alysia Joy Powell, Angel Christian Roman, Hailie Sahar, Eha Urbsalu, James Van Der Beek, Ian Whitt, Charlayne Woodard, Johnny Sibilly

 

 

Partekatu!