ZinemaTK: Promising Young Woman

Castellano >>

Promising Young Woman oharkabe pasa ezin den filma da. Bere estreinaldia 2021ko apirilaren 16ra lekualdatu zen pandemia dela eta, aurreikusitakoa baino urtebete beranduago. Ordura arte, gutxi batzuek baino ezin izan zuten ikusi EEBBko zinema areto batzuetan edo bideoan, eskari bitartez. Hala ere, hainbat zinema sari irabazi ditu filmak, aipagarriena gidoi original onenaren Oscar saria.

Filmak Cassieren istorioa kontatzen du, medikuntza ikasketak utzi, kafetegi batean lan egin eta gurasoen etxean bizi den hogeita hamar urteko emakumea. Astero gauza bitxi bat egiten du, parrandan ateratzen da eta mozkor dagoenarena egiten du inguruko gizonek berarekin zer nolako erreakzioa duten ikusteko. Minutuek aurrera egin ahala, bere portaera horren zergatia ezagutzen da baina hori ez da deigarriena. Bai ordea, ustez ahultasun-egoeran dagoelako aprobetxatzen saiatzen diren gizon kopurua. Hasieran oso atseginak edo leialak iruditu, beraz arduratu eta etxera eraman arren, ez dago muga gainditzen ez duen gizonik. Gaiarekin jarraituz, filmak gizarteak egoera horri ematen dion erantzuna islatzen du, nola gizon eta emakumeek beste emakume batzuk epaitzen eta erruduntzat jotzen dituzte, mozkortzeagatik, arriskuan jartzeagatik eta baita bortxatuak izateagatik ere.

Egoera guzti horren erdian, Cassiek gizon bat ezagutzen du, besteengandik ezberdina den gizona, pixkanaka bien arteko harremana sortuko da, begibistan osasuntsua dena. Filmaren puntu honetan, emakumeok adin bat heldu baino lehen bizi-helburu jakin batzuk betetzeko dugun presioa ikus daiteke. Cassieren inguruko jendea gurasoen etxetik kanpo bizi da, bikotekidea du, ezkontzeko prest dago edo seme-alabak ere baditu eta berak oraindik ez du aurreko ezer egin. Gurasoak bera epaitzen duten lehenegoak dira, alabari behin eta berriz bizimoduz aldatzeko esaten diote, baina bera dagoen moduan pozik dago.

Emakume estereotipoa hausten duten emakumeak epaitzen dira, parrandan irteten direnak, nahi bezala janzten direnak, mozkortzen direnak, oraindik bikoterik ez dutenak edo bikotea ez izatea erabaki dutenak… azken batean, nahi dutena egiten duten emakume libreak. Guzti hau jakinda, gizarte matxista batean bizi garela esan daiteke? Nahiz eta pertsona feminista asko egon, zergatik errepikatzen da askotan filmak kontatzen digun istorioa?

Filmak kritika asko jaso ditu, iritzi ezberdinak daude bere inguruan; askok ezagutu beharreko zerbait dela diote, beste batzuk oportunista eta fikzio hutsa dela, Nire gomendioa, filma ikustea.

 

Izenburu originala Promising Young Woman
Jatorria Erresuma Batua
Estrenaldia 2020
Generoa Komedia Beltza
Iraupena 113 min
Hizkuntza Ingelesa
Zuzendaria Emerald Fennell
Gidoilaria Emerald Fennell
Aktore zerrenda Carey Mulligan, Bo Burnham, Alison Brie, Connie Britton, Jennifer Coolidge, Adam Brody, Laverne Cox, Clancy Brown, Angela Zhou, Christopher Mintz-Plasse, Alfred Molina, Molly Shannon, Sam Richardson, Steve Monroe, Casey Adams.

Partekatu!