Donostiak argitu du pertsona guztientzako mundu solidarioagoa baten aldeko 5 proposamenekin

Donostiako Zero Pobrezia Plataformak hiria esnatu du 5 proposamenekin gure gizarteari 180 graduko bira emateko amoz. Horretarako, kale ekintza bat gauzatu du gaur, urriaren 16an, Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperan, lehenengo orduan. Horren bitartez, plataformak 5 pankarta jarri ditu hiriko 5 lekutan helburu honekin: herritarrei erakustea borondate politikoaren eta gizartearen parte-hartzearekin posible dela beste gizarte eredu bat eraikitzea, non inor ez den geratzen atzean.

Herritarrek irakurri ahal izan duten honako mezu hauek sare honen aldarrikapenak dira, urtero urriaren 17an omentzen den Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, hain zuzen ere:

  • Eskubide guztiak herritar guztientzat: pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen sistema bat.
  • Krisiaren aurrean, murrizketa sozialik ez!: kalitatezko zerbitzu publikoak izatea, bermatzen dituztenak beharrean dauden pertsona guztiei estaldura ematea.
  • Pobreziaren aurka, kontsumo arduratsua: hazkundearen, kontsumismoaren eta lehiakortasunaren mitoetatik ihes egiteko aukera emango digun eredu berri bat.
  • Mugarik gabeko elkartasunaren alde!: pertsonak eta ingurumena erdigunean jarri, eta zaintza eta elkartasun unibertsala sustatuko dituen eredu bat.
  • Klima-aldaketak guztia pobretzen du: eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea, babesa ematen digun planeta honen mugak eta baliabideak errespetatuta.

Ekintza honekin salatu dute pobrezia eta desberdintasunak justifikaezinak direla eta saihestu daitezkeela. “Baina gainera, ohartarazi nahi dugu pandemia honen ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoek erakutsi dutela areagotu egiten dituela pertsona eta herri ahulenen desberdintasunak eta prekarietatea. Horrengatik guztiagatik, goizean goiz oinezkoei atentzioa eman nahi izan diegu, gure gizartea nola hobetu dezakegun inguruan hausnarketa eragiteko, tokian tokiko errealitatetik abiatuta, baina urruneko leku batzuetan gertatzen dena ere kontuan hartuta”, adierazi dute sare antolatzailetik.

Urriaren 14an, asteartean, Donostiako Zero Pobrezia plataformak, hiriko 21 erakunde eta mugimendu sozial biltzen dituenak, bere aldarrikapen eta mobilizazioak aurkeztu zituen Donostian urriaren 17ko Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Haien artean gogoratzen dugu Beste mundu bat beharrezkoa eta posiblea da: desberdintasunak ezabatu! lelopean antolatu duten bizikleta-martxa herrikoi eta erreibindikatzailea larunbat honetan, urriaren 17an. Txita Sound System-ek girotuko du martxa eta Donostiako Haizearen Orrazitik irtengo da, 12:00etan, eta Boulevardean amaituko da.

Aurten, Donostiako Zero Pobrezia Plataformak 15 urte betetzen ditu pobreziaren eta desberdintasunen kausak salatzen eta gizartea sentsibilizatzen mundu bidezkoago eta solidario bat lortzeko asmoz. Horretarako, Zero pobrezia: 15 años de lucha contra la pobreza en Donostia bideoa prestatu du.

Partekatu!