Eusko Jaurlaritzak aisialdiko jarduerei aplikatu beharreko neurriak argitu ditu

  • Sektoreko elkarteei bidalitako dokumentu batean, Gazteria zuzendaritzak haur eta gazteei zuzendutako jardueren jarraibideak espezifikatu ditu
  • Argitaratu zen azkenengo dekretuak aisialdiko elkarteak ez zituen jaso, eta gazteria, begiraleak eta familiak airean utzi zituen, jarduerak antolatzeko orduan nola ekin ez zekitela

Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren barne dagoena, Euskadiko aisialdi elkarteei azalpen-dokumentu bat bidali zien asteazkenean. Bertan sektore honen ekintzei aplikatu beharreko jarraibideak argitu zituen, orain arte araudian argi ez zegoen zerbait.

36/2020 Dekretuan, urriaren 26koa, lehendakariak pandemiaren aurrean euste-neurriak ezarri zituen; aisialdia ez zen inon agertu. Hezkuntza, sindikatuak, enpresa-elkarteak… jorratu zituen arauak, baina sektore honek ez zuen marko konkretu bat aurkitu. Orain, Jaurlaritzak zalantza guztiak amatatu ditu, azkenik, aisialdia araudian kokatzen duen dokumentu honekin. Ostegunean iragarri ziren neurri gehigarriak horren gainean ez dute eraginik.

Aisialdiko ekintzak antolatzeko jarraibideak

Pandemiaren egoeraren arabera, ekintzak aurrera eramateko aukerak baldintzatuta egongo direla azpimarratu dute une oro. Izan ere, Gazteria zuzendaritzak 26ko dekretuaren barruan aisialdiko ekintzak kokatu ditu eta, honela, sektore honetan gehienez sei pertsona elkartu ahal direla argitu du, begiraleak barne, eta talde finkoak mantentzera dei egin du.

Aire librean ekintzak egitea komeni da, ahal den heinean. Barrualdean egitekotan, areto bakoitzean sei pertsona gehienez egon ahal dira, sei pertsona horiek aforoaren % 50 gainditzen ez badute. Gainera, garbiketa eta aireztapen neurriak une oro bermatu behar dira, eta materialak edo tresnak partekatzea sahiestu behar da.

Elkarteen ekintzetan parte hartu ahal izateko, ekintza antolatuko den udalerrian edo udalerri mugakidetan bizi behar da. Horrezkero, udalerrian edo mugakidetan bizi ez diren pertsonak ezingo dute parte hartu. Gaua igarotzea suposatzen duten ekintzak ere udalerrian edo mugakidetan izan beharko dira. Gainera, gaurtik aurrera 22etatik 6etara bitartean zirkulazio-askatasunaren muga dagoela gogorarazi dute.

Gazteria zuzendaritzak maskarillaren erabilera azpimarratu du, nahitaezkoa baita 6 urte gorakoentzat, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako kasuetan izan ezik (21/2020 Errege Lege Dekretua, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazioko- presazko neurriei buruzkoa). Jantokietara joatekotan, maskarilla soilik janaria edo edaria hartzerako momentuan kendu ahal izango da.

Partekatu!