Enpresak nazioartekotzeko politiketan giza garapen iraunkorreko irizpideak jaso ditzatela eskatzen diete Garapeneko GKE-ek Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei

  • Euskal erakundeek herrialde mailako politikatzat hartzen dute enpresen nazioartekotzea, euskal enpresen lehiakortasunean eta errentagarritasunean oinarrituta, baina alde batera uzten dituena zenbait irizpide, hala nola giza garapen ekitatiboa eta iraunkorra.
  • Kanpora begirako bi politika nagusien artean (enpresen nazioartekotzea eta garapenerako lankidetza) ez dago koherentziarik, ondorioz, lehenak geldiarazten edo indargabetzen ditu bigarrenak pobreziaren eta desoreken aurkako borrokan lortutako aurrerapausoak.
  • Hainbat proposamen egiten dituzte politika publikoak printzipio etikoetan, interes orokorrekoetan eta iraunkorretan oinarritu daitezen, eta giza eskubideen eta pertsonen ongizatearen aldeko defentsa lehenetsi ditzaten.
Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan diharduten Euskadiko 79 GKEak biltzen dituen sareak, Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiarekin (Bakea eta Duintasuna-OMAL) batera egin du honako ikerlan hau: Giza garapen jasangarrirako politiken koherentzia. Euskadiko enpresak nazioartekotzeko politikaren bereizgarriak.

Lan honen helburua 2017-2019 urteak aztertzea da, euskal erakundeek (Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak) enpresak nazioartekotzeko bultzatutako politiketan esku hartzen duten ikuspegiak, eragileak eta tresnak zein diren jakiteko eta giza garapen iraunkorreko ikuspegiarekin zenbateraino bat datozen ebaluatzeko. “Aztertu nahi dugu ea enpresak nazioartekotzeko politikak lagungarri diren guztion ongizatea, berdintasuna, iraunkortasuna, parte-hartzea eta giza eskubideak bideratzeko, bai Euskadin bertan eta bai euskal enpresek lan egiten duten herrialdeetan, Urkullu lehendakariak 2016an Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Politiken Koherentziarako Erreferentzia Esparrua dokumentua aurkeztu zuenean adierazitako konpromisoarekin bat etorriz”, adierazten dute GKE-en kolektiboko kideek.

Garapenerako lankidetza-politikak lagungarri dira herrialde pobretuetan pobrezia eta desorekak desagerrarazteko hainbat esparrutan: hezkuntzan, osasunean, gosearen aurkako borrokan, berdintasunaren arloan, erakundeak sendotzeko esparruan edota azpiegituretan, besteak beste. Alabaina, gogorarazten dute politika horren eragina hobetuko bada, ezinbestekoa dela gobernu baten ekintza guztiak bat etortzea giza garapen ekitatibo eta iraunkorreko helburuekin eta pobreziaren eta desoreken aurkako borrokarekin, “esku hartze bakar batek ere ez ditzan geldiarazi edo indargabetu lankidetzatik lortutako aurrerapenak, Lankidetzaren Garapenari buruzko 2007ko Legeak adierazitakoari jarraituz”, nabarmentzen dute.

​​
Partekatu!