Ama-Lur Eskautak – 35 años
Orain dela urte asko, animaliek hitz egiten zuten garaian, eskaut talde bat jaio zen, Ama Lur eskaut taldea, hain zuzen. Beno hain aspaldi ez. Izatez, 1981/82. urtean jaio zen “Los Halcones de la Florida” izeneko beste eskaut talde bat bitan banatu zenean, baina hori beste istorio bat da. Bere ibilera hasi zuen egundoko kanpamentuak, mendi-hondartza-lautada-haran-… natura irteerak biziko zituela jakin gabe. Begiraleen konpromisoaz jantzi eta pixkanaka-pixkanaka bizitzak eraldatzen hasi zen aurrera egiten zuen heinean. Nolatan jakingo zuen berak hain pizgarri bilakatuko zela!
Bere haurtzaroan, Ama Lur eskaut taldeak partaide asko izan zituen bere baitan. Gerora oso miretsiak eta maitatuak izango ziren pertsonei eman zien harrera taldeak; baita monitore bikain eta pertsona hobeei hezteko aukera ere. Garai honetakoak dira Javi Mendoza, Ramón eta beste asko ere! Haien gogo eta esfortzuek gaur egun dagoen taldea sortzea lortu zuten. Amaiezinak dira sutondoan kontatu diren ipuin eta kondairak, izarrei begira beste unibertso batzuk asmatzea edota Balook eman dituen aholkuak. Hasiera honetan, askoren bihotzak markaturik utzi dituen ikur bat goraipatu beharra dago: Olabarriandikoa baserria (Orozko). Hamaika pertsona ikusi ditu hazten baserri honek. Egunez edozein jarduera, abentura, operazio edota enpresa egiteko tokirik aproposena, haran polit batean galdurik; gauez, ordea, gaztelu iragazgaitza, sorgin, deabru eta maltzurrak kanpoan uzten zituena. Koskor txikiren bat edo beste sartzea lortu zuen arren, barnean zaindari zaharrak zituen; arratoi erraldoia eta hormatartekaturiko Gregoria anderea.
Urteak joan, urteak etorri, Ama lur eskaut taldearen gaztaroko abenturak datozkit burura. Begirale belaunaldi berriekin batera, proiektu berriak egiten hasi ziren; hala nola, txiki eguna, umeentzako jardunaldi paregabeak, Portugaleteko egoitza nagusiko, “Base”-ko obra eta margo artelan ederrak. Ezin ahaztu dezakegu bai begirale bai ume eta gazteek harturiko konpromiso soziala. Zuhaitzak birlandatzen lagundu, etxe gabekoentzat proiektu sendoak abiadan jarri, zaborra eta zikinkeria geure ingurutatik batu, auzoa animatu eta hainbat eta hainbat haurren irudimenak piztuz puztu, indarkeriaz trataturiko emakumeei laguntzeko afari ongintzazkoak, kontsumismo masiboaren aurka egiteko kontzientziamendua sustatzea, taldearekiko proiektu paraleloak eratuz honi esker, … Zenbatezinak direla esango nuke.
Urte askoren buruan, tristeziaz bete gintuen zerbait pasa zen. Guztiontzat ikur miresgarri zen Orozkoko baserritik alde egin behar izan genuen. Baina, legeak dioen lez “eskautak arazoei poztasunez aurre egiten die”; beraz, bilatuz bilatu, naturaren sendian elkar topatzeko beste baserri bat aurkitu zuen Ama Lurrek Nava de Ordunten.
Hainbat arazo eta hondamendiei aurre egin behar izan dio taldeak, baina hauetatik ikasten, aurrera jarraitu du bere bidean, hazten eta gero eta aberasgarriago izaten.
Helduarora iristean… helduarora? Gaztaroan dagoela esango nuke! Baina, nolatan izan daiteke hau posiblea? Hona hemen, honen magia azal dezakeen ideia; Ama Lur eskaut taldeko izaera, belaunaldiz- belaunaldi transmititzen doa bai begirale bai haurrei. Gure gazteak beti daude prest gizartea eraldatzeko, hobetzeko ilusioz. Jesusen laguntzarekin, Nazaret elizan Olentzeroren ilusio eta ongizatea banatuz, kanpamendu guztietan eta eguneroko bizitzan orokorrean nabarmentzen da Ama Lur eskaut taldearen eragina hainbat eta hainbat bizitzetan.
Urte askoren ondoren, lagunak egin ditugu Bizkaian batez ere; baita ere Espainiako toki askotan, Europan, Mexikon, … Suitzako Zentro internazionalean, Kanderstegen ere geure painoleta dago.
Horregatik, emozioz eta eskultimoz beteriko beste 35 urte gehiago bizitzea espero dugu, gehiago ez badira.
Esaten dugun moduan, “AMA LUR AMA LUR, VIENTO DEL NORTE VIENTO DEL SUR!” Eskerrik asko abenturaz beteriko 35 urte zoragarri hauengatik!
Beti Prest
Eneko García Sanchez