Arabako gazteak pandemiari aurre egiteko aukerak eta konexioak aztertuko dituzte Go!azen-ekin
Azaroaren 28an, igandean, ‘Go!azen elkarrekin! Munduko gazteak batera’ pandemiari aurre egiten izenburupean, Gasteiz konexioan sentsibilizazio-jardunaldiaren seigarren edizioa egingo da. Jardunaldi hori Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak antolatu du eta horrek nazioarteko lankidetzan aritzen diren 81 euskal GKE biltzen ditu.
Topaketaren helburuak Arabako eta urrutiko beste lurraldetan dagoen konexioa erakustea, gizarte aktibo eta parte-hartzaileagoa lortzea eta gizarte bidezko eta solidarioago bat eraikitzea izango dira. «Konexio horien eraginez, gure ekintzak, jokaerak eta kontsumo-ohiturek ondorioak dituzte, dena lotuta baitago mundu globalizatu honetan», antolatzaikleak adierazi duten bezala. Horren adibidea jasaten ari den osasun-krisia da. Pandemia global bat ari gara bizitzen, zeinak mundu osoari eragiten dion.
Adierazi dutenez, gazteek gogor jasan dituzte pandemiaren ondorioak hezkuntza, aisia, sozializazioa eta antzeko arloetan; baina, rol garrantzitsua ere izan dute, eta antolatu diren ekintza solidarioetan parte-hartze aktiboa izan dute. Horregatik, Lorea Intxausti eta Xanti Korkostegi aktoreekin batera (June eta Igor ETBko Go!azen telesailean) parte hartuko dute jardunaldi honetan non gazteei omenaldia egingo zaie. Gainera, aukera paregabea da gazteek nola bizi duten aldi hau eta zein diren euren kezkak, ikuspegia eta gertatzen denaren interpretazioa. Besteak beste gazteek aipatzen dituzten proposamenak aztertu eta bilduko dira.
Jardunaldian, Gasteizko Haur eta Nerabeen Elkarguneko, Itaka-Escolapios kolektiboko, Togo, Gabon, Kolonbia eta Indiako gazteek parte hartuko dute haien antolakuntza eta beharrak azaleratzeko. Beste partetik, Ikigai Dance Studio taldeko gazteen emanaldiek igande-arratsaldea animatuko dute.
Saioa 18:00etan hasiko da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Francisco de Vitoria auditorioan eta sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte. Dena dela, gomendatzen da aldez aurretik lekua ziurtatzea ekintzaren webgunean. Gainera, Lorea eta Xantik hainbat sorpresa prestatu dituzte jardueran parte hartuko duten kideekin; beraz, horietan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute aurreko estekan, une dibertigarri horien protagonistak izango diren pertsonak hautatzeko zozketan parte hartu ahal izateko.