BBK Kunak “Etorkizuneko biztanleak” gunea sortu du, etorkizunari buruzko eztabaiden inguruan herritarren ahotsa entzuteko

  • Gune honetan, herritarrak jartzen dira etorkizunari buruzko eztabaidaren erdigunean, bai aldaketetara hobeto egokitzeko informazio baliotsua lortu ahal izan dezaten, eta bai haien ahotsa eta lehentasunak kontuan har daitezen

BBK Kuna: GJHen Etxeak “Etorkizuneko Biztanleak” aurkeztu du, Eider Inunciaga BBK Kunako zuzendariaren eta Braulio Gómez Deustobarometro-aren zuzendariaren eskutik. Proposamen horren helburua da herritarrak jartzea gizarte osoari eragiten dioten eta gizarte osoa interpelatzen duten funtsezko gaien ─adibidez, lan, garraio, elikadura edo modaren─ eztabaidaren erdigunean.

Proiektu honen esparruan, aukeratutako gai bati buruzko inkesta bat bultzatuko du BBK Kunak, urtean birritan. Emaitzekin eta ondorioekin, jardunaldi batzuk antolatuko dira BBK Kunan, eta inkestari erantzun dioten 20 pertsonak parte hartuko dute, erakundeetako ordezkariekin eta ahots adituekin batera.

Aukeratutako gaiari eta azterlanean ateratako ondorioei buruzko gogoeta- eta eztabaida-mahaiak izango dira jardunaldietan. Hautatutako lehen gaia lanaren etorkizuna izan da, eta gai horri lotutako elkarrizketak apirilaren 7an egingo dira.

Halaber, “Etorkizuneko biztanleak” gunearen barruan, «Etorkizuneko Koadernoak» izeneko argitalpen sorta bat ere aurkeztuko da. Dibulgaziozko testu laburren bilduma bat izango da, eta gure gizartearen etorkizunari buruz adituak eta erakundeak lantzen ari diren eztabaidak herritarrei hurbiltzeko asmoz sortu da. Testu bakoitzak gai zehatz bat, etorkizuneko biztanleek beren bizitzarako funtsezkotzat jotzen dutena, laburbilduko du. Eta balizko agertoki desiragarrietara begira jarriko da, herritarrak eta planeta zaintzea bere paradigmaren erdigunean jartzen duen lehiakortasun iraunkorraren esparrua kontuan hartuta.

“Etorkizuneko biztanleak” ekimenaren hurrengo urratsetan, moda, elikadura, garraioa edo familia 2050ean zelakoa izango den aztertuko da. Guztiak dira datozen urteetan garrantzi handia izango duten gaiak.

Etorkizuneko lan mundua

Ekimen hau martxan jartzeko, BBK Kunak lan-munduan jarri du arreta. Horretarako, behar edo lanaren etorkizunari buruzko inkesta adierazgarri bat egin zaie 1.000 euskal herritarri, Euskadiko herritarren lan-etorkizunari buruzko iritziak eta aurreikuspenak jasotzeko eta eztabaida publikorako eta erabakiak hartzeko baliozko informazioa eskaintzeko. Pertsona gehienen bizi-proiektua lanak markatzen du modu batean edo bestean. Adituek eta erakundeek produkzio-gune horren erabateko eraldaketa marrazten digute etorkizunerako.

Azterlan honek herritarren ahotsa jartzen du eztabaida honen ─lehiakortasun iraunkor edo jasangarrira eta gizarte-ongizatera bideratutako lanaren etorkizunari buruzkoaren─ erdigunean. Horregatik, jasangarritasunarekin eta gizarte-ongizatearekin konprometitutako edozein erakunde publikok edo pribatuk arreta jarri behar die langileek lana taxutzeko moduaz dituzten itxaropen eta kezkei.

Partekatu!