Berdinsareak 15 urte bete ditu euskal udalerrietan berdintasun-politikak sustatzen dituen sare gisa
- Udalek zuzentzen dute sarea, eta EUDELek koordinatzen du, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin batera, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez
- Osoko Bilkura politikoak atzo onetsi zuen Ekintza Plan berriaren bi ardatzak Berdinsarea euskal erakundeen eta gizartearen aurrean berritzea eta balioestea dira, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako tokiko konpromisoaren erreferente gisa
Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarea den Berdinsarea 2006an sortu zen, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udal-gobernuen maila goreneko konpromisoa bateratzeko. 2021 honetan, Berdinsareak hamabost urteko ibilbidea ospatuko du, gaur, maiatzaren 12an, hain zuzen, ospatzen den Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren 15. urteurrenarekin bat eginez.
Sare hori aitzindaria izan zen Euskadin eta Europan, eta udalek berek gobernatzea du ezaugarri; udal horiek dituzte, zehazki, berdintasunaren arloko politika eta praktika aurreratuenak. Berdinsarearen lana hainbat batzordetan egiten da. Batzordeek interes komuneko gaiak eta kontuak jorratzen dituzte, baina betiere tokiko aniztasunari eta udalerri txikiei arreta eskainiz.
EUDELen elkarteburuak eta Emakundeko zuzendariak, erakunde bultzatzaileen ordezkari gisa, Berdinsarearen osoko bilkura izan zuten maiatzaren 11an. Bertan Gorka Urtaranek, Gasteizko alkateak, eta Izaskun Landaidak, emakundeko zuzendariak, «balio-sare» gisa definitu zuten Berdinsarea, bai udalerrientzat eta bai gizarte osoarentzat. Berdinsarearen hamarkada bat baino gehixeagoko ibilbideko mugarrietako batzuk zerrendatu zituzten: erakundeen arteko koordinaziorako lehen protokoloak edo berdintasunerako udal-ordenantzak, eta indarkeria matxistaren biktimei eta biziraun dutenei erreparazioa emateko gida.
EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkateak zorionak eman zizkien udal arduradunei, egungo testuinguruan kokatzen den Berdinsarearen urteurren «garrantzitsu» honengatik: «Udalok funtsezko eginkizuna dugu berdintasunaren erronkari erantzuteko, eta udalerriak eraldaketa sozialaren eszenatoki gara». Gorka Urtaranek balantze eta errekonozimendu garaia dela esan zuen, baina baita berritzekoa eta Sarea eguneratzekoa ere. «EUDELek eta Emakundek Berdinsareari ematen diogun laguntza berritu dugu, udaletan eta gizarte osoan erreferentziazko sare gisa finkatu dadin, euskal erakunde guztiekin lankidetzan eta koordinatuta», adierazi zuen elkarteburuak.
Emakundeko zuzendariak, ostera, nabarmendu zuen “Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea erakundeen arteko lankidetzaren garrantziaren adibide bat” dela, helburu berarekin lan egiten denean, eta azpimarratu zuen EUDELen eta Emakunderen artean 2006an sinatutako lankidetza-konpromisoa gure herrialdeko berdintasun-politiketan aurrera egiteko beharrezkoa den maila anitzeko lankidetza horren erreferente eta eredu bihurtu dela.
Izaskun Landaidak nabarmendu zuenez, EUDELekin hitzarmena berrituta, sarea egungo egoerara egokitu eta suspertu nahi da: “Helburua da duela 15 urteko konpromiso hura mantentzea, indartzea eta berdintasun-politika aurreratuenekin bat egitea”.
Era berean, Emakundeko zuzendariak NBE Emakumeak Generation equality ekimenean parte hartzera gonbidatu zituen udalak. Euskadin Emakunde da ekimen horren buru, eta Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Itun Sozial bat aktibatzea du xede.
2021ko Ekintza Plana: Berritzea eta balioa ematea
Berdisarearen helburuak dira berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka tokiko gobernuek kudeatutako programak eta zerbitzuak bultzatzea, indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea. Berdinsarearen parte izateko, udalerriek zenbait baldintza bete behar dituzte, besteak beste, Berdintasunerako Tokiko Plana onartuta izatea, eta hori gauzatzeko behar diren langileak eta baliabideak
izan behar dituzte.
2021ean, sareko Ekintza Plana bi ardatz nagusitan oinarritzen da pandemia osteko susperraldiak eta eraldaketak markatutako tokiko berdintasun-politiken erronka berriei erantzuteko. Lehenengo ardatzak berrikuntza, estrategia berriak, irudi-nortasun berria eta komunikazio-kanal berri bat dira, Berdinsarearen lehen webgunea. Bigarren ardatza Berdinsarearen proiekzioa eta Berdinsareari balioa ematea da, barruan eta kanpoan, udalerrien «sarea» izaten jarrai dezan, eta, aldi berean, erreferente izan dadin foro instituzional guztietan eta euskal gizartearen aurrean.
Osoko Bilkuran ekintza-ildo berriak aurkezteko ardura Ane Beitia, Elgoibarko alkateak, eta Angela Egia, Gordexolako alkateak, izan zuten, biak ala biak EUDELeko Batzorde Eragileko berdintasun-ordezkari gisa. Alkateek beste abantaila batzuen artean nabarmendu zutenez, “sareko lanak aukera ematen digu guztiontzako irizpideak definitzeko eta udalen arteko tresnak eta jardunbide egokiak partekatzeko«.
Azalpena amaitzeko, sarean aktiboki parte hartzera animatu zuten: «Berdintasunerako bideak aurrera jarraitu behar du, Berdinsarearen tokiko konpromisotik, berdintasun-politiken sustapena Euskadiko udalerri guztietara heda dadin».