Euskal Herritik Europako infernura

Lehenik eta behin, barkatu irakurle guztiei bizi izan dudan guztia hemen kontatu ezin delako. Hala ere, saiatuko naiz nire esperientzia ahalik eta hoberen transmititzen.

  2016ko maiatzaren lehenengo astea zen eta bilera informal batean nengoen lagun batzuen etxean. Errefuxiatuen buruzko bilera zen. Bertan gonbidatuta zegoen Iker, nik ezagutzen ez nuen gazte bat, SMH (Salvamento Marítimo Humanitario) taldearen partekidea zena. Bere esperientzia Greziako Chios irlan kontatu ez ezik, pare bat bideo erakutsi ere egin zigun SMHk egiten dituen erreskateei buruz. Hitzaldi horren ostean, nahiko hunkituta atera nintzen eta oso ondo pentsatu eta gero, erabaki nuen hara joateko momentua zela. Hori dela eta, zenbait elkarterekin hitz egin eta hegazkin txartela erosi nuen maiatzaren 30ean Idomeni kanpamentura heltzeko nahian. Baina, bidaia hasi baino astebete lehenago, Idomeniko kanpamentuaren hustuko zuten berria entzun nuen. Ezin nuen sinetsi! Hala ere, Idomenitik gertu dagoen Polykastro herrian zeuden elkarteekin elkarri idatzi ondoren, bidaiarekin jarraituko nuela erabaki nuen, oraindik ere lan handia zegoelako.

  Hegazkinez Tesalonikara heldu eta handik Polykastrora autobusez joan nintzen. Errepideetan nenbilela, Greziako lurralde horretako miseria ikusten hasi nintzen. Bai hiriek, bai herriek, bai errepideek oso itxura kaskarra zuten eta Europar Batasuneko estatu batean egoteak harritu ninduen. Horretaz gainera, Polykastrora heltzear nengoela, nire errefuxiatuen nire lehenengo kanpamentua ikusi nuen eta guztiz harrituta geratu nintzen. Gaua zen eta bertan hamaika su zeuden. Momentu horretan sentitu nuena adierazezina izan zen. Egoera larria baino larriagoa zen eta horrek lan egiteko indar handiagoa izatera bultzatu ninduen.

  Lan egiteko gogo handia izan arren, lehenengo egunetan jakin nahi nuen hainbat kanpamenturen egoerak eta beharrak, nahiz inguruan zeuden lan taldeenak. Esplorazio horren ondorioz, 3 kanpamentu “libreetan” sartu nintzen eta estatuaren kontrolpean zeuden beste bitan; gainera, zenbait elkarterekin harremanak sortu nituen eta hori dela eta, “bidaian” zehar haiekin lan egin nuen. Halaber, bi gauzak harrituta utzi ninduten: lehenengoa, errefuxiatuen egoera larria, bai kanpamentu “libreetan”, bai estatuaren kontrolpean zeuden kanpamentuetan (hala ere, “libreetan” egoera askoz hobea zen); eta bigarrena, Kataluniako eta Euskal Herriko boluntario kopuru handia.

  Egoera nola zegoen ikusi eta beste bi boluntario independente ezagutu ondoren, Alex eta Kilian, hirurok auto bat alokatu genuen, kanpamentu batetik bestera joateko. Autoari esker orotariko lanak egiteko aukera izan genuen. Esaterako, GBGEko (Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea) biltegi batean janaria eta arropa antolatu, gero kanpamentuetatik banatzeko; “Hot Food Idomeni” proiektua eraiki zuten sukalde batean inguruko lauzpabost kanpamentutarako janaria prestatu, 1500 anoa egunero, eta gero Tesalonikako kanpamentu batean janari horren parte bat banatu, 400 anoa egunero gutxi gorabehera; eta umeentzat eta gazteentzat ekintzak egin. “Lan” horiek ez ezik, bitan zenbait errefuxiatu heldu hondartzara eraman genituen eguna pasatzera. Oso esperientzia polita izan zen bai haientzat, bai guretzat, kanpamentuetan sortzen den errutina hausteko.

  Bertan egon nintzen hiru asteetan zenbait momentu berezi izan nituen. Gogoratzen dudan momenturik tristeena EKO kanpamendu “librearen” hustutzea izan zen. Poliziak milaka pertsona kanporatu zituen eta kanpamentua herri mamua bihurtu zuten. Nik neuk hustutze horretan egon nintzen, errefuxiatu baten kanpadendan lo egin nuelako. Esnatzerakoan, kanpamendua poliziaz inguratuta zegoen eta kazetariak nahiz boluntarioak kanporatu gintuzten. Hala ere, denbora izan nuen harreman sendoak izan nituen errefuxiatuak agurtzeko. Malkoak kanpamentu osoan zehar ikusten ziren, nora eramango gintuzten ez genekielako. Baina, nahiz eta memento triste asko bizi, une alaiak ere izan nituen. Alex, Kilian eta hirurok kanpadenda batetik bestera joaten ginen kantak abestera eta haien abestiak entzutera. Haiek asko eskertzen ziguten momentu horiek eta beti gonbidatzen gintuzten tea batera. Hirugarren momentu berezia Grezian izan nintzen azken eguna izan zen; alaia eta tristea aldi berean. Alaia, pertsona askorekin harreman sendoak izan nituelako eta nire azken eguna haiekin igaro nuelako; eta tristea, bertan utzi egin nituelako, zerbait gehiago egiteko ahalmenik gabe.

  Ezintasuna nuen hegazkina hartu nuen momentuan. Papertxo bat aldean nuela aduana guztiak gainditu egin nituen! Zergatik balio du hainbeste gure paperak eta haienak ez? Zergatik uzten da edozein pertsona horrelako egoeretan bizitzen? Ez da erraza horrelako esperientzia batetik bueltatzea eta haien egoera aldatzeko ezer ez egitea.

  Hori dela eta, ZU, bai ZU, zure oporrak han laguntzen eman nahi badituzu, anima zaitez! Ez zara damutuko eta haiek eskertuko dizute. Eta hara joateko aukera ez baduzu, lasai egon gure herrialdeetan hainbat elkarte daude laguntza emateko. Esaterako, Euskalerriko eskautok Greziako eskautekin harremanetan gaude eta lanean gaude zenbait ekintza egiteko.

  Ez ahaztu, ZURE laguntza behar dute!

 

Partekatu!