Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren 14. Nazioarteko Jaialdiak Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJHak) sustatuko ditu

Kultura Communication y Desarrollo KCD GGKEk antolatutako Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak beste urte batez beteko du publikoarekin duen hitzordua. ‘Ikusezinak’ apustu irmoa egiten du gizarte inklusibo, bidezko eta jasangarrien alde, eta zinema-aretoak erabili nahi ditu Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJHak) sustatzeko.

Aurtengo edizioan 900 film baino gehiago jaso ditu, eta horietatik % 29 emakumeek zuzendu dituztee edo zuzendaritzan hartu dute parte. Guztira 65 obra aukeratu dira, eta horietatik % 44 emakumeek zuzendu dute edo zuzendaritzan hartu dute parte.

Honako sari hauek emango ditu Jaialdiaren hamalaugarren edizioak: Iraunkortasuna, Euskaraz egindako errealizaziorik onena, Genero-ekitatea, Invisible Express, Emakume batek egindako errealizaziorik onena, Giza Eskubideak, Kulturartekotasuna, Balioen hezkuntza, Zinema Ikusezinaren Saria eta Publikoaren Saria. Guztira, 19.500 €-koa da sarien balioa.

Guztira 500 bat proiekzio egingo dira hainbat hiri eta herritako 28 pantailatan. Programazio parekideak izango dira zinema sozialeko emakumezko eta gizonezko zuzendarien artean.

Helburu nagusia zinema-aretoak berreskuratzea da. Hala, Bilboko Golem zinema-aretoetan ez ezik —hura da jaialdiaren egoitza nagusia—, Getxon, Barakaldon, Zallan, Deustuko Unibertsitatean, EHUren Leioako campusean, Elorrion, Mungian eta Gasteizko Florida zinema-aretoetan ere izango dira proiekzioak. Era berean, batxilergoko eta lanbide-heziketako 15 ikastetxe ere jaialdiaren egoitza izango dira, Barakaldon, Sestaon, Portugaleten, Artatza-Erromon, Getxon, Iurretan, Mungian, Galdakaon, Gernikan eta Plentzian.

Ikus-entzunezko tresnen bidez unibertsitate-komunitatean balio positiboak eta erreferentziako eredu solidarioak transmititzeko asmoz, Jaialdiak eta EHUko Lankidetza Bulegoak «INVISIBLE EXPRESS» lehiaketa antolatu du Jaialdiaren barruan. Aurten 10. edizioa beteko du. Aurtengo gaia: «Elkarrizketa, giza ulermenaren eta pentsamenduaren eragilea». EHUko 118 ikaslek hartu dute parte aurtengo edizioan, eta haietatik % 76 emakumeak dira. Guztira 34 film labur aurkeztu dituzte, haietatik % 60 euskaraz.

Jaialdiko zineforumak

Hogei bat zinegilek erantzun diote Jaialdiaren deialdiari, zineforumetan parte hartzeko. Besteak beste, honako hauek aipa daitezke: Fatou Kiné Diop Ndao zuzendari senegaldarra, Nora El Hadramy eta Nadia Azougagh giza eskubideen aldeko ekintzaile marokoarrak, Bernardo Restrepo zuzendari kolonbiarra, Libertad Garrido zuzendari guatemalarra eta Roge Blasco kazetaria, zeinak Basordas dokumentala aurkeztuko baitu.

Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak berdintasunaren aldeko ekimen positiboak baliatzen ditu Jaialdiak alor guztietan: lanen hautaketan eta hedapenean, emakume zinemagileen partaidetzan, epaimahaikideen aukeraketan eta hain ikusgarriak ez diren beste ekimen batzuetan. Horrenbestez, parekotasuna lortzen duten munduko jaialdi bakanetako bat da.

Afrikaren presentzia

Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo edizioan, 37 herrialdetako filmak proiektatuko dira. Haietako 5 Afrikatik etorriko dira, Hahatay Son Risas de Gandiol (Senegal) elkartearekiko eta Saint Louis-eko (Senegal) Zinema Dokumentalaren Jaialdiarekiko lankidetzari esker.

Jaialdian zehar honako parte-hartzaile hauek ere izango dira: Absa Guindo (Gandiol, Senegal), Gandiol landa-herriko Emakumeen Etxeko komunitate-teknikaria, eta Cheikh Diop (Gandiol, Senegal) elkarteko kide gaztea, komunikazioan, gazteen dinamizazioan eta migrazioekiko sentsibilizazioan jarduten duena.

Horrez gain, erakusketa hauek egingo dira Jaialdiarekin batera: Emprendimiento en Senegal (Ekintzailetza Senegalen), Massow Ka argazkilari senegaldarrarena, eta Las constructoras de Gandiol (Gandioleko eraikitzaileak), Gandioleko gazteekin egindako partaidetzako prozesu baten emaitza, Marta Moreiras (Galizia) eta Ina Thiam (Senegal) argazkilariek dinamizatua. Erakusketa horietatik lehena Bilboko Metroan eta hiriko hainbat kaletako bazterretan ikusi ahal izango da; bigarrena, berriz, Azkuna Zentroko Iparraguirre aretoan egongo da ikusgai Jaialdiaren egunetan.

Partekatu!