Elkartasun antolatuaren indarra

Euskera >>

  • Koronabirusak eragin duen larrialdi sozialaren premiei erantzuteko Guztion Artean kanpaina abiarazi da, gizartearen elkartasun ekimenak modu eraginkorrean bideratuz 

Covid-19k gogor eta tinko kolpatu du mundua eta, egun batetik bestera, inoiz bizi izan ez dugun krisi baten menpe jarri gaitu. Koronabirusaren ondorioak osasunetik haratago doaz eta kinka larrian jarri ditu ere esparru soziosanitarioa eta kalteberatasun sozioekonomikoan dauden pertsonen bizitzak.

Zorionez, gizarte solidario batean bizi gara; laguntza gehien behar dutenak babesteko dena ematen ahalegintzen den gizartean, alegia. Krisiaren hasiera-hasieratik, adineko pertsonei, gizarte-bazterketako egoeran daudenei eta kalteberenei laguntzeko herritarren ekimen askoren lekuko izan gara. Erreakzio horiek gure auzokideen eskuzabaltasunari eta borondate onari erantzuten diote, baina beharrezkoa da, halaber, laguntza horiek osasun publikoaren bermearekin ematea. Izan ere, babes neurri egokirik gabe, lagundu nahi duenaren eta artatzen den pertsonaren osasuna arriskuan jar daiteke. 

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa izan da elkartasun ekimenak modu antolatuan bideratzeko estrategia bat ezartzea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Guztion Artean kanpaina abiarazi du, 70 urtetik gorako pertsonen, mendekotasun egoeran edo bestelako kalteberatasun egoeretan daudenen oinarrizko premiei erantzuteko. Administrazio publikoekin batera, Cáritas, Gurutze Gorria, boluntariotzako agentziak eta Sareen Sarea elkarlanean aritu gara, ahalik eta erantzun azkarrena eta eraginkorrena emateko.  

Kanpainan parte hartzen duten boluntarioek lan ezberdinak bete behar dituzte, esaterako: premia biziko produktuak ematea (elikagaiak, higiene-produktuak eta premia biziko beste produktu batzuk), zaborra jaistea edota agindutako sendagaiak jasotzea.

Bizi dugun larrialdiaren aurrean, kontuan hartu behar da, beraz, elkartasun antolatuak erakutsi duen indarra. Izan ere, Euskadiko hirugarren sektore sozialak elkarte sare sendoa du, elkartasun antolatua bideratzeko gaitasun handia duten erakundeez osatua. Era berean, nabarmentzekoa da Guztion Artean kanpainak jaso duen erantzun maila: ekimenaren lehenengo astean 500 pertsona baino gehiagok izena eman zuten.

Laguntza eskaini nahi duten eta parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonek, ondorengo telefono zenbakira deitu behar dute: 945 222 222. Kanpainari buruzko informazio gehiago Sareen Sarearen webgunean kontsulta daiteke: www.sareensarea.eus

Partekatu!