Euskara zure inguruan sustatzeko hamaika gako

  • Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da

Iaz, Euskaraldiak ‘ahobizi’z eta ‘belarriprest’ez bete zuen Euskal Herria. Hamaika egunez, kaleak euskaraz koloreztatu ziren txapa janztea erabaki zutenei esker. Soilik hamaika egun izan baziren ere, hamaika arrazoi badaude euskara egunero erabiltzeko. Kosta egiten bazaizu, hona hemen egin ditzakezun hamaika gauza:

1. Dendetan, euskaraz

Ez dugu maila apartarik behar dendetan euskaraz aritzeko. Sartutakoan agurtu, behar duzuna eskatu eta eskerrak eman. Esaldi motzak erabili ohi ditugu zerbitzari edo dendariekin. Zergatik ez euskaraz? Erraz hartuko duzu ohitura!

2. Lagundu eta laguntza eskatu

Euskara ikasten ari bazara, aukera aparta da lagun euskaldunekin euskaraz aritzea. Ez izan beldurrik, bota lehenengo esaldia euskaraz eta jarraituko dizute. Eskatu akatsak zuzentzeko; irakasle anitzekin asko ikasiko duzu. Euskalduna bazara, berdin: ikasten ari diren lagunak lagundu, irakatsi. Praktikan jarriko duzu hizkuntza eta, gainera, hainbat pertsonekin euskaraz aritzeko ohitura hartuko duzu.

3. Izan zaitez eredu

Ume txikiek helduengatik ikasten dituzte jarrerak. Zure eguneroko bizitzan edo noizbehinka umeekin egoten bazara, hitz egiezu euskaraz. Egin dezakezun beste gauza bat haien aurrean beste helduekin euskaraz hitz egitea da; horrela eredu izango zara haientzat eta txikitatik landuko dute hizkuntza.

4. Lehen hitza, euskaraz

Saiatu norbait berria ezagutzean euskaraz mintzatzen. Zaila da ‘txip’-a aldatzea gaztelania erabiltzen duzun pertsonekin, baina norbait zerotik ezagutzen baduzu, euskaraz eraiki dezakezu harreman berri hori. Egin berdina idazterakoan: e-mailak, Whatsapp-eko mezuak… pentsatzeko denbora gehiago ematen dizute eta aukera aparta dira lehenengo urrats hori emateko.

5. Egin itzazu ‘mintzo-poteak’

Aipatu dugun moduan, badakigu ‘txip’-aldaketa hori zaila dela. Norbaitekin beti erdaraz aritzen bagara, ez da erraza aurrerapausu hori ematea. Horregatik, euskara erabiltzea helburua dituzten topaketak antolatu ditzakezu. Euskara erabili edo praktikatu nahi duen norbaitekin data jarri, eta joan zaitezte ‘pote’ batzuk hartzera euskaraz aritzeko asmoarekin.

6. Gailu elektronikoetan euskara ezarri

Egunero hainbat ordu ematen ditugu mugikor eta ordenagailuarekin. Hauen ezaugarriak aldatu ditzakezu eta euskara gaztelaniagatik aldatu. Sare sozialetan, berdin: Facebook-a, adibidez, euskaraz jarri dezakezu. Nahiz eta hasieran kostatu, ez kezkatu: laster ohituko zara eta normalizatuko duzu.

7. Bilatu euskara lantzeko ‘App’-ak

Badaude euskara era dibertigarri batean lantzeko sortu diren ‘App’-ak. ‘Egunean behin’, adibidez, egunero partida bat eskaintzen dizu, non galderak erantzun behar dituzun, euskaraz. Elhuyar hiztegiak badu ere bere ‘App’ propioa, egunero zalantzak argitzeko oso erabilgarria.

8. Kultura, euskaraz

Liburuak, filmak, telebista-saioak, musika… Euskal kultura oso zabala da. Irakurriz zure hiztegia zabalduko da eta euskaraz pentsatzen hasiko zara. Berdin du zure maila, galdetuiozu dendariari eta lagunduko dizu libururen bat aurkitzen. Euskal film ugari ere aurki ditzakezu: ez baduzu ondo ulertzen, jarri azpitituluak eta zenbat ikasiko duzun harrituko zaitu. Euskal musika ere lagunduko dizu belarria prest izaten!

9. Euskal komunikabideak sustatu

Berria, Naiz, ETB1, ETB3, Euskadi Irratia, eitb.eus… Badaude hainbat hedabide euskaraz komunikatzen dutenak. Egunero albisteren bat irakurri edo saio bat entzun; ariketa erraz horiekin ohituko zara eta euskara hautatzen duten hedabideak bultzatuko dituzu.

10. Euskaraz ikasi eta ekin

Saiatu egin behar dituzun kurtsoak euskaraz egiten. Ez izan beldurrik, ondo moldatuko zara eta izugarri hobetuko duzu. Euskararekin hasten ari bazara, esaiezu zure ikaskideei astiro hitz egiteko. Ez izan lotsarik, ulertuko dute eta lagunduko dizute. Zure maila ona bada, euskaraz aritzeko ohitura erraztuko dizu. Ez galdu aukera! Ez baduzu kurtsorik egin behar, beste hainbat aukera dituzu zure inguruan: herrian edo auzoan euskara sustatzeko ekintza ugari antolatzen dira, erraz aurkituko dituzu eta bertan zure asmo bera duten pertsonekin partekatuko duzu esperientzia.

11. Euskara beti aurretik

Bi hizkuntzatan komunikazioren bat idatzi behar baduzu, hasi beti euskararekin. Elebidunok gaztelera aurkitzen badugu lehenik, gehienetan, ez dugu euskara bilatuko. Bestalde, euskara gure lehenengo aukera bada, bat baino gehiagok onartuko du.

Partekatu!