Gasteiz konexioan jardunaldiak aztertuko du nola berma dezakegun gure erosketa-saskia
Azaroaren 10ean, osteguna, Gasteiz konexioan jardunaldiaren zazpigarren edizioa egingo da, ‘Eraldaketa lapikoan’ izenburupean. Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak antolatutako sentsibilizazio-jardunaldia da eta nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 84 euskal GKE biltzen ditu sare horrek .
Ana Urrutia kazetariak aurkeztuko du lekukotzez, musikaz eta bideoz betetako eguna, zeinak herritarroi gure kontsumo ohiturei buruzko gogoeta eragingo digun, ekiten has gaitezen.
‘Gure menuaren eragina han eta hemen’ atalean Ekuadorreko Maquita Fundazioak hartuko du parte. Fundazio horrek ekoizpen jasangarriaren, bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren alde egiten du lan. Halaber, Ekologistak Martxan erakundeko bozeramaile, Isa Álvarez Vispo, ere hartuko du parte. Erakunde horren ustez, ingurumen-arazoen jatorria ekoizpen- eta kontsumo-eredu gero eta globalizatuagoa da, eta eredu horretatik beste gizarte-arazo batzuk sortzen dira.
‘Zer egosten da erosketa-sakian?’ atalean, non elikaduraren prozesua aztertuko den, zenbait kolektibok hartuko dute parte. Bioalai elkarteak, elikagai ekologikoak kontsumitzearen garrantziaz kontzientziatuta dauden pertsonak biltzen dituena. Bestetik, Carro de combate kolektiboak hartuko du parte, kontsumitzen ditugun produktuen jatorria ikertzen duen kazetaritza independentean diharduen kolektiboak. Azkenik, Bionekazaritza eredu agroekologiko baten alde egiten duten ekoizle eta kontsumitzaileen kolektiboak hartuko du parte, zeinak lehenetsi eta balioetsi egiten duen baserritarrek egunero betetzen duten zeregina.
Era berean, Kalimbaren haurrentzako musika-emanaldia ere izango dugu. Elkarte horrek jolaserako, kulturarteko eta belaunaldien arteko gunea eskaintzen du, batez ere haurrei zuzendutako musika-topaketen bidez. Helburua da familia migratzaileen harrera eta parte-hartzaile guztien sozializazio egokia ahalbidetzea. Jardunaldiari amaiera emateko, Slow Food Araba elkarteak prestatuko du zero kilometroko produktuekin egindako pintxo baten dastaketa.
Jardunaldia 18:00etan hasiko da, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeko antzokian. Saiorako sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte.