Gazte Change 2.0 Iraultza: gazteen ahotsa eta iritzia helarazteko kongresua

Azaroaren 19an BBK aretoan Gazte Change 2021, 2.0 Iraultza kongresua ospatuko da. Hirugarren edizio honetan, Haurren Munduko Egunaren inguruan BBK Family, Lagunarte eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak hitzaldi ezberdinak prestatu dituzte.

Topaketa 19:00etan hasiko da eta bertan, nerabe guztiek parte hartzeko duten eskubidea jartzea da helburu nagusia. Gazteei entzuteko primerako aukera da eta gaurkotasunezko hainbat gairi buruz zer iritzi eta sentipen duten konta ditzatela, hala nola, inklusioa, elkartasuna, identitatea… eta askoz gehiago.

Hitzaldiak, TEDx formatu atseginean, ekitaldi berritzaile hau girotuko duten emanaldiekin tartekatuko dira. Hitzaldiak emateko Xabier Madariaga, Kimetz Renteria eta Maitane Alonso, besteak beste, egongo dira.  Gainera All Dance Deusto, Aiala Sanz eta Ñora Carramiñaren aktuazioak ikusiko dira.

Parte hartzeko izena ematea beharrekoa da kongresuaren web orrian sarrerak eskuratzeko, nahiz eta dohainekoak diren.

Partekatu!