Jornadas de Septiembre EEB. Simbología.

Astea hasi berri da, berriro ere. Baina batzuontzako hileko azken astelehen hau ez da gainontzekoak bezalakoa izan. Nekez beterik hasi izan dugu astelehena, ohean geratzeko gogo itzelekin, baina aldi berean lanean gogor jarraitzeko gogoz eta motibazioz beteta ere.

Asteburu honetan Bizkaiko Eskaut talde guztietako begiraleak Orduñan batu izan gara urteko formakuntza momentu horietako bat jasotzeko eta disfrutatzeko ere. Gutxi batzuentzako asteburua bariku arratsaldean hasi zen, zapaturako dena prestatzeko unea izanik hau. Baina nola ez deskonexiorako eta barre batzuk botatzeko unea ere egon zen.
Zapatua. Goizeko 10ak inguru. Bizkaiko begiraleak batzen hasten dira Orduñan. Muxuak eta besarkadak baino ez dira ikusten, kurtsoa hasten ari da eta uda aurretik ikusi ez diren lagun eta kideak batzen dira une eta esperientzia berriak konpartitzeko. Denak elkartzen gara aretoan, harrera jasotzeko eta asteburuaren egitaraua ere ezagutzeko. Zein izango da aurtengo gaia? Zeren inguruan hausnartuko dugu aurten? Geure sinbologiaren inguruan!!

Geure delegatu berriaren eta heziketa mahaiko kideen harreraren ondoren, talde naturaletan batzen gara, sinbologiaren inguruan taldean zer nolako lana egiten dugun hausnartzeko.

Aldi berean taldeetako begirale berriak, taldeetan banatzen doaz, euren lehenengo jardunaldiei aurre egiteko eta begirale berrientzako formakuntza jasotzeko. Taldeetako etorkizuna diren pertsona hauek asteburu osoa eman dute buru belarri eskaut taldeen funtzionamenduaren, metodologiaren, egituraren … inguruan zalantzak argitzen, hausnartzen, … baina ezin ahaztu dezakegu ondo pasatzeari ere ez diotela utzi!!

Talde naturaletan lanean egon ondoren, adarretan banatu izan gara. Horrela adar bakoitzeko sinbologia lantzeari ekin izan diogu. Horretarako, nola ez, profesional ezin hobeak izan ditugu geuretzako bakar bakarrik euren jakituria guztia gurekin partekatu dutelarik!!Baina, ba al dago gauzak ikasteko, ulertzeko eta barneratzeko modu hoberik esperientziaren bidez bizitzea baino? Ez ezta? Horren ondorioz, begiraleak ume bihurtu izan gara (hasierako unean behintzat) eta adarreko prozesuaren zatitxo txiki bat bizi izan dugu. Horrela Koskorrak eta Kaskondoak pista joko batekin hasi dira eta Azkarrak adarrez igarotzeko unea biziz, adibidez.

Egun osoa geurea, propioa dugun sinbologiaren inguruan ikasten, hausnartzen egon ondoren … erlaxatzeko eta Aitarekin konpartitzeko unea heldu zitzaigun, geure eukaristiarako unea. Pañoleta ezberdinez osatutako mila koloretako pañoleta handi batez dekoratuta zegoen aretoan sartzen joan ginen. Esan bezala bizitako Aitarekin konpartitzeko unea izan zen, baina baita bera entzuteko eta gure ingurukoak hurbilago sentitzeko unea ere.

Ondoren Gurasoek arratsalde osoan zehar egindako afari goxo – goxoa dastatzera eta imajina ezin genezakeen gaubelari aurre egiteko indarrak batzera hurbildu ginen jantokira.

GAUBELA!! Eskuinaldeko begiraleak gaubela ezberdin bat prestatu zigun, alde batetik ondo pasatzeko helburua zuena, baina geure estiloa alde batera utzi gabe, baita hausnarketara bideratutako ere bazen. Pertsona errefuxiatuen azalean sentiarazi ziguten, lurralde hobe batera heltzea zen geure helburua, horretarako proba ezberdinak igaro behar izan genituen, mugetako “poliziak” etab. oztopoak jartzen zizkiguten bitartean … Energia ateratzeko, barre batzuk botatzeko eta ondo pasatzeko unea izan zen.

Baina eguna ez zen hor amaitu … tartetxo baten formal – formal, begirale guztiak une informal batez gozatzeko aukera izan genuen Orduñatik zehar; batzuk Txarlazora igotzen besteok dantzan, geure artean gehiago ezagutzeko, konpartitzeko …

Eta nola ez … domeka goiza nahi baino arinago heldu zen. Taldeetako koordinatzaileen batzartxo labur baten ondoren, otoitza laburtxo bat izan genuen, asteburuko azken hausnarketa uneari hasiera eman aurretik.

Azkenik zonaldeka bildu ginen, bakoitzak lan ezberdina eraman genuelarik aurrera une horretan, beti ere hasi berri den kurtsoari gogor eta gogoz ekiteko. Agur eskautarekin amaiera eman izan genien asteburu luze eta laburregiari, aldi berean.
Taldeak etxeko lanekin bueltatu gara geure herrietara. Begirale berriak ikasitako mila ekintza praktikan jartzeko gogoekin. Baina guztiok, lanean eta aurrera jarraitzeko indarrekin, geure taldeetako umeekin lanean hasteko gogoekin eta nola ez … geure urratsa uzten jarraitzeko geure jendartean.
Beti Prest!

Ainhoa Fonseca. Argizai Eskaut Taldea.

 

Partekatu!