Ayuz Al-hoceima

Al-hoceima Marokoko iparraldeko kostaldean kokatutako probintzia eta hiria da, Melillatik ordu eta erdira kokatuta gutxi gora behera, zeinetan Elizbarrutiko “Plan de exclusión” komisioak lau urte daramatzan auzolandegi bat antolatzen. Proiektu honek hainbat helburu ditu, hala nola: gaixotasun mentalak dituzten Marokoko pertsonen egunerokotasuna ezagutu eta Jesusek planteatzen digun bidea hartuz, aldaketa sortzea bai haiengan eta bai gugan. Esan beharra dago, bidaia egin baino lehen hiru eguneko formakuntza jaso genuela errealitatea lehendik ezagutu eta prest joateko.

Udako hamar egun horien antolamendua zen, goizetan bi taldetan banatu eta batzuk Al-hoceima ondoko Imzourren herrian dagoen psikiatrikora joaten ginen ekintzak egiteko hango pertsonekin, eta beste taldea, hirian bertan, Frantzizkanoek sortu berri duten eguneko zentrokoekin hondartzara joaten ginen. Arratsaldetan, denok batera, eguneko zentrokoekin eskulanak eta bestelakoak egiten genituen eta arratsaldearen bigarren zatian ebangelioa eta Jesusen bizitza oinarri hartuta, hausnarketak egiten genituen egunean zehar bizitakoari buruz. Horretaz gain, hainbat egunetan tokiko elkarte desberdinak ezagutu genituen hango herri mugimendua eta egoera ezagutzeko, esate baterako, AZIR elkarte ekologista edo emakumeen egoitza.

Hasieran, beldur ginen ia psikiatrikoko lanak egiteko gai izango ginen ala ez, hango kultura arrotza egingo zitzaigun, hizkuntza oztopo ikusten genuen, baina beldur eta aurreiritzi guztiak suntsitu ditugu jada. Pertsonak besterik ez genituen sentitu Imzourren eta eguneko zentroan, hango herri Bereberrak eskuak zabalik hartu gintuen eta bihotza guztiz bete digu. Begiraden, usainen eta eskuen hizkuntza ikasi dugu, eta baita Tarifit pixka bat. Egunean hirutan egiten genituen barneratze eta hausnarketek asko lagundu gintuzten esperientziaz ahalik eta gehien gozatzen, baina batez ere, han bizitakoa norberaren egunerokotasunera ekartzen. Azken finean, helburua ez da soilik hango pertsonak laguntzea; norberaren barnea mugitzea ere garrantzitsua da.

Zaila egiten zaigu azaltzea nola sentitu ginen egun haietan, baina argi dugu esperientzia honek lagundu digula gure barnea sendotzen eta baita ere, mundua aldatzen jarraitzeko gogoak puztu dizkigu. Maitasunaren esanahia sentitu dugu eta baita herrien arteko elkartasuna ere.

Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen: ayuz Al-hoceima!

 

Miren eta Amaia Mirari

Partekatu!