Herritarren indarra COVID-19aren ostean gizartea berreraikitzeko eta irtenbidearen protagonistak izateko

Euskera >>

  • Eraikuntza podcastan Euskadiko garapenerako GKE-ek biltzen dituzte herritarren eta erakundeen lekukotzak, proposamenak eta konpromisoak, COVID-19aren ostean irtenbidearen parte izateko
  • Ekimen berritzaile horrek hausnarketa bultzatu nahi du herritarren artean hauei buruz: solidaritatearen eta norbanako ekintzen eta ekintza kolektiboaren garrantzia, eta krisi hau baliatzea gizarte bidezkoago eta solidarioago baten oinarriak ezartzeko
  • Hirugarren atal honetan, berreraikitze hori nola egin daitekeen mahairatzen dute, baita zein aliantzarekin eta eragilerekin egin ere

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 79 euskal GKE biltzen dituen sareak, plazaratu du Eraikuntza podcastaren hirugarren atala. Guztira lau soinu-atal dira, eta egungo pandemiaren, ondorioei eta irtenbideei buruzko hainbat gai jorratzen dituzte.

“Gure kaleetan barrena ibili gara, jendearekin eta erakunde sozialekin eseri eta hitz egiteko, euren istorioak eta egungo egoerari buruz dituzten iritziak, bizipenak, beldurrak eta proposamenak ezagutzeko”, azaldu du kolektiboak. Lan honen helburua da era guztietako ideiak eta iradokizunak biltzea,  gizartea berriro sortzeko indarra izateko. “Berreraikitze hori hainbat baliotan oinarrituko da, besteak beste, lankidetzan, sormenean, solidaritatean, konpromisoan eta denon ongizatean. Entzuten jakiteko eta ekarpenak egiteko unea da”, adierazi dute.

“Proposamen berritzaile honen bidez, hausnarketa bat sortu nahi dugu herritarrengan, pertsona bakoitza irtenbidearen parte izateaz, eta ekiten hasteko garrantziaz, nork bere aukeren arabera eta bere eremu indibidual eta toki-eremutik, kolektibora eta orokorrera iritsi ahal izateko”, azpimarratu dute. “Herritar arduratsuak, kontzientziadunak eta kritikoak sortzen lagundu nahi dugu, baita euren ordezkari politikoekin zorrotzak izango diren herritarrak ere, politika solidarioak eta bidezkoak defini ditzaten, are gehiago, une hauetan”, argitu dute.

Berreraikitzea lau ataletan

Lehenengo atalak Zein mundu eraiki nahi dugu COVID-19aren krisiaren ostean? du izena eta pandemia amaitzen denerako herritarren amets eta nahiak biltzen dituen soinu-muntaketa atsegina da. Bigarren atala, Zer balio behar ditugu? du izenburutzat, eta bertan herritarrek egungo krisiaren osteko gizarte berriaren oinarria osatzen duten balioen errepasoa egiten du.

Berriki argitaratutako hirugarren kapituluan, Norekin berreraiki behar dugu gizartea? izenburua duena, jorratzen dira erronka horretan inplikatua dauden aliantzak eta eragileak. “Beharrezkoa da bat egitea hamaika urtez lanean ari diren gizarte mugimenduekin. Gizartea eraldatzea da haien helburua, kolektiboan oinarrituta, betiere pertsona guztientzat eta leku orotan bidezkoagoa den beste mundu bat lortzeko”, diote zenbait ahotsek grabazioan.

Jakinarazi dute, gainera, hurrengo asteetan beste atal batzuk plazaratuko dituztela, esate baterako herritarrek euren gain hartu behar dituzten konpromiso indibidualak desiratzen dituzten aldaketa global horiei laguntzeko. Eraikuntza podcastaren lehenengo hiru atalak entzun daitezke Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen Ivoox kanalean.

Mundu osoa kolpatu duen pandemia

COVID-19ak mundu osoa kezkatu du, eta, kolektibo honen arabera, “azken urteetan pobrezia eta desberdinkeriak desagerrarazteko egin diren aurrerapenak geldiarazten ari da. Gainera, desberdinkeria eta prekarietate handiagoa sortzen ari da garapenerako euskal GKE-ek lan egiten duten pertsona eta herrialde kalteberenen artean, pandemiaren ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoek erakusten duten bezala”.

Adierazi dute COVID-19aren hedapena planetaren interkonexioen beste adibide bat dela, eta gogorarazi dute “pertsona erdigunean jarriko duten neurri globalak eta koordinatuak hartu behar direla erronka horri aurre egiteko”. Ildo horri jarraikiz, “lankidetza-politikak ezinbestekoak dira, larrialdi honetan inor atzean gera ez dadin. Osterantzean, irtenbidea ez da ez eraginkorra ez bidezkoa izango”.

Lan hunkigarri honekin, garapenerako euskal GKE-ek ekarpenak egin nahi dituzte “norbanakoaren konpromisoarekin eta konpromiso kolektiboarekin, bizi ditugun hainbat krisitatik errekuperatzeko. Espero dugu urte batzuk barru, gizarte gisa, pandemia honen zauriak berreraikitzen aktiboki parte hartu genuela esan ahal izatea, baita hain beharrezkoa den gizarte bidezkoago eta solidarioago honen egituraren parte izan ginela ere”, esan dute amaitzeko.

Partekatu!