Urritik abendura BBK Kunak haurrentzako tailerrak eta jarduerak proposatzen ditu jasangarritasunari eta 2030 agendari buruz
- 3 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako doako jarduerak asteazken eta larunbat guztietan izango dira, urriaren 1etik aurrera.
- HaurKuna programa hezkuntza-tresna bat da, parte-hartzaileekin hainbat balio eta jarrera lantzeko. Balio eta jarrera horien esparru orokorra Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) lortzeko konpromiso globala da.
BBK Kuna: GJHen (Garapen Jasangarrirako Helburuen) Etxeak HaurKuna programari ekingo dio berriro urriaren 1ean, larunbata. Horrela, datorren udaberrira arte, BBK Kunan hainbat jarduera eta tailer izango dira asteazken eta larunbatetan, 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat, eta helburu argi batekin: jolasaren bidez eragin positiboa sortzea dute helburu, 2030 Agenda eta gizarte gisa aurrean ditugun etorkizuneko erronkak hurbilduz gaztetxoenei.
Aurreko ikasturtean bezala, HaurKunako hitzorduak doakoak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta 15-20 laguneko talde txikietan egingo dira. Izen-emateak BBK Kunaren webgunean edo esteka honetan egin behar dira. BBK Kunak haur guztiek parte hartu ahal izatea gura du eta, beraz, aniztasunari babesa emango zaio beharrezkoa den kasuetan.
HaurKuna programa joan den ikasturtean hasi zen, eta proposamenekiko harrera arrakastatsua izan zen. Guztira, 500 haurrek gozatu zuten jarduerez, txikienei GJHak ezagutzeko aukera emateko helburuarekin. Horrela, hurrengo tailerrak, betiere GJHak erdigunean direla, honako hauek izango dira urriko jarduerak:
URRIA
URRIAK 1 / BASERRIA EZAGUTZEN – HABITANTES DEL BASERRI
3. GJHaz, osasun eta ongizateari buruzkoaz, berba egingo dugu. Gure osasuna eta ongizatea sustatzeko, baserri batera joango gara. Han inguruan lantzen diren elikagai naturalez eta bertan bizi diren abereez, adibidez ardiez, berba egingo dugu, esne bikaina ematen baitigute gazta egiteko. Tailer honetan ardiak egingo ditugu: gorputza egiteko arto-opil harrotu bat hartuko dugu oinarri, eta aurpegitxoa kartoi mehearekin eta itsasteko begitxoekin egingo diegu.
URRIAK 5 / FRUTOMETROA
3. GJHaz, osasun eta ongizateari buruzkoaz, berba egingo dugu. Elikadura osasungarria izatearen garrantziaz berba egingo dugu eta elikagai osasungarrienetako bat fruta naturala dela aipatuko dugu. Horretarako, frutometro edo neurgailuak sortuko ditugu material artistikoarekin, jaten ditugun fruituen kopurua idatziz joateko. Etxera eroan eta sukaldeko leku ikusgarri batean jarriko dugu.
URRIAK 8 / MUSIKA-UZTAIAK
15. GJHaz, lehorreko ekosistemei buruzkoaz, berba egingo dugu. Jarraian, musika-jolasak egingo ditugu, ekosistemen zaintza birsortzeko. Egingo ditugun jolasak: Hirurok globoan, eta Ahur edo esku-jolasak.
URRIAK 15 / Birzikl-ARTE – BOLAK HARRAPATZEKO JARDUERA: EKO-TAILERRA
12. GJHaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuari buruzkoaz, berba egingo dugu. Ondoren, tailerrera joango gara, eta birziklatzearen bidez landuko dugu helburu hau. Bolak harrapatzeko bat egingo dugu birziklatzeko hainbat materialekin. Ontzi, soka eta borlekin egingo dugu.
URRIAK 19 / KUADRILLAKOAK ETA NI JARDUERA: SORKUNTZA-TAILERRA
4. GJHan, kalitatezko hezkuntzan, sartuko gara, Bilboko Udalaren balio-agenda ere landuz: “nortasuna, bizikidetza eta begirunea”. Hori pertsonaiak egiteko tailer baten bidez landuko dugu, eta pertsonaiak sortzeko birziklatzeko plastikozko koilarak hartuko dira oinarri gisa, eta hainbat materialen bidez nortasuna emango diegu.
URRIAK 22 / DANTZA EGITERA EUSKAL KANTAREKIN
3. GJHaz, osasun eta ongizateari buruzkoaz, berba egingo dugu. Musika eta mugimendua dira sustatzen duten jarduerak eta horretarako jolas musikal bat egingo dugu. “RIKI RIKI SALA LA LA” abestiarekin, bere letra ikasi eta koreografia bat sortuko dugu. Abesti honekin euskara eta ohitura osasungarrien ikaskuntza sustatuko ditugu.
URRIAK 26 / MUNDUKO JOLASAK – KLOTSKI JARDUERA: BIRZIKLATZE-TAILERRA
12. GJHaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuari buruzkoaz, berba egingo dugu. Tailer baten bidez landuko dugu, eta bertan puzzle mugikor bat egingo dute material birziklatuarekin.