Euskara erabiltzeko, beti prest

Gure gizartean egun bereziak ospatzen ohitu gara. Zeozer aldarrikatu nahi dugunean, egun bat jartzen dugu, eta ematen du egun horrekin bakarrik, gure betebeharra eginda geratzen dela, baina ez da horrela. Horrelako jarrerak gure kontzientzia garbitzeko balio du gehienez jota. Hile honetan Euskararen eguna ospatu dugu, abenduaren 3an, baina horrek ez du esan nahi egun horretan bakarrik saiatu behar garenik euskaraz egiten. Eguneroko gauza bat izan behar da. Gure bizitzan gero eta gehiago erabiltzen saiatu behar gara. Euskaraz 365 egun egin beharko genuke. Izan ere, hizkuntzek kultura bateko esanguratsuena da, eta gure kasuan euskara baita euskaldun egiten gaituena.

Azken aldian euskaldunen kopurua, hau da euskaraz egiteko gai den jendearen kopurua, asko igo da, baina erabiltzen dutenena berriz ez. Zergatik gertatzen da hau? Jendea ez delako erabiltzera ausartzen. Gure taldeak gizartearen ispilu txikiak direnez, haietan ere gauza bera gertatzen da. Baina, zer egin dezakegu?

Erantzuna erreza da, hitz egin dezakegu. Behar bada, hasieran ez dugu primeran egingo, baina erabilerarekin hobetzen joango gara. Eta garrantzitsuagoa dena, euskaraz dakien beste pertsona batzuk ere hitz egiten animatu ditzakegu.

Beste esparru batzuetan gauzak bidean ikasten ditugu, adibidez, programazio bat lantzen, programatzen ikasten dugu. Baina gure kulturarako eta gure izaerarako hain garrantzitsua den gauza batekin, ez gara ausartzen. Pentsatzen dugu dakitenek gutaz barre egingo dutela. Euskara maila oso altua izatera itxaroten dugu hitz egiten hasteko, baina ez gara konturatzen ezin dela maila altua lortu praktikatzen ez badugu.

Askotan gure umeek eta gazteek taldean daudenean ez dutela euskaraz egiten  entzun dugu. Eta aitzaki moduan noizbait ere, erabili dugu. Egia da, umeek euskara eskolako gauza bat bezala hartzen dute. Askok ez dute etxean euskaraz egiten, eta haien bizitzan eskolan bakarrik egiten dutenez euskaraz, ikasgai bezala bakarrik hartzen dute.

Taldeetan gazteria motibatzeko aukera paregabea daukagu. Gurekin daudenean, umeek badakite ez daudela eskolan, eta eroso sentitzen dira. Egoera hori aprobetxatu behar dugu, euskara egunerokotasunean sartzeko. Monitoreak euskaraz egiten ikusten duten heinean, umeek animatuko dira euskara erabiltzen.

Gure helburuetan, euskara sustatzea mila bider agertzen da, baina hori aurrera eramateko, ez da nahikoa jolas batean pistak euskaraz idaztea edo kanpamenduetan kartelak eta ordutegiak bi hizkuntzeatan jartzea. Hori guztia oso ondo dago, baina gero gure ekintza guztietan, hitz egiterakoan erdara bakarrik erabiltzen badugu, ez dugu gure helburua lortuko. Hizkuntza bat hitz egiten indartzen da. Ez dugu lotsarik eduki behar, umeek ez dute gutaz barre egingo, noizean behin akatsen bat egiten badugu.

Batzuetan, harrituta geratzen gara, gure beldurrak alde batean uzten ditugunean, eta umeekin euskaraz egiten hasten garenean, konturatzen gara haiek euskaraz erantzuten dutela. Txikitatik ikasi dute, baina askok ez dute erabiltzeko aukerarik izan. Eskolatik kanpo erabiltzeko aukera eman behar diegu.

Umeekin erabiltzeko, monitoreen artean ere euskara indartu beharko genuke. Gure monitore taldeetan euskara gutxi erabiltzen da. Taldeetan jende asko dago euskaltegietan euskara ikasten gero lanerako beharko dutelako, eta denbora asko galtzen dugu mintzapraktikako taldeak bilatzen. Ondoan ditugunak agian euskaraz badakite, eta kontrolatzen dugun leku eta aktibitate batean errazago izan daiteke euskaraz egitea. Animatu behar gara euskaraz egiten. Nahiz eta euskaldun zaharrak ez izan, euskaraz egin dezakegu.

“Euskara, ez betidanik, baina bai betirako”. Animatu zaitezte euskara erabiltzera, hizkuntza bat ez baita hiltzen ez dakitenek ez ikasteagatik baizik eta dakitenek ez erabiltzeagatik.

Goitibera. 309 (2016)

 

Partekatu!